Indarkeria matxista gainditzeko ahaleginak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 23a, 10:46
Hausnarketarako motxilak, seinaleak, Beldur Barik lehiaketako sari banaketa eta beste hamaika egitasmok osatu dute aurtengo indarkeria matxistaren aurkako asteko egitaraua. Igande eguerdian egingo dute elkarretaratzea, Okendo plazan

Indarkeria matxistaren aurkako ekintza nagusiak igandean egingo badira ere, aste osoan egin dituzte jarduera bat baino gehiago. Astearte goizean  kultur etxeko liburutegian ekin zioten aurtengo egitarauari. Haurren Nazioarteko Eguna baliatuz, Eskubideen motxilak aurkeztu dizkiete herritarrei. Kultura gizartean eragiteko ezinbesteko tresna izanik,  horixe bera lortu nahi dute  egitasmoarekin. Feminismoa, ahalduntzea eta berdintasuna gaiak ardatz hartuta, lasarteoriatarrek kontzientzia hartzeko eta hausnartzeko liburuekin eta ikus-entzunezkoekin bete dituzte bizkar-zorroak. Interesa dutenek 21 egunez maileguan hartu ahal izango dituzte etxera eramateko. Liburutegian, Zentro Zibikoan eta Gaztelekuan jaso ahalko dira.

Adin askotariko herritarrei zuzendutako motxilak koloretako txarteltxoen bidez bereizi ahalko dituzte. Txartelak motxiletatik zintzilik egongo dira, eta bertan agertuko dira adin tarteak. Bost adin tartetan banatu dituzte edukiak. 0 eta 5 urte artekoentzat; 6 eta 8 urtekoentzat; 9 eta 11 urtekoentzat; 12 urtez gorakoentzat; eta adin nagusikoentzat. Gogoetak eta idatziak egiteko aukera ere izango dute bizkar-zorroen erabiltzaileek.

Egun berean, asteartean, Ekintza komunitarioak: emakumeak indarkeria matxistarik gabeko bizitza baten alde eztabaida egin zuten  Emakumeen Zentro Zibikoan. Sorburu Kooperativa Feminista eta Emagin Elkartea izan dira dinamizatzaileak.

Asteazkenetik aurrera, bide-seinale berriak ikusi daitezke herriko zazpi sarreratan,  Lasarte-Oria indarkeria matxistarik onartzen ez duen herria dela iragartzeko. Indarkeria matxistarik ez! Lasarte-Oriak errespetua bultzatuz leloa irakurri ahal izango da horietan. 

Beldur Barik lehiaketa
Ostegunean ere ekintza bat baino gehiago izan ziren, Azaroaren 25eko egitarauaren barruan. Helduentzako liburu eta DVD ez sexisten gida aurkeztu zuten, eta horren ostean, Beldur Barik lehiaketako sariak banatu zituzten. 

12 eta 17 urte bitarteko kategorian  lau lan aurkeztu dituzte. Horietatik bi aukeratu ditu epaimahaiak. Umeen kontuak lana izan da lehen postua lortu duena, eta 200 euro jaso dituzte sari gisa. Bigarren postua, berriz, Kuadrillategiko gazteek eskuratu dute. Jendeari galdezka, gure zalantzak argituz lana egin dute, eta 100 euroko ordainsaria jaso dute.

Datozen egunetako ekintzak
Gaur La primavera de Antonia helduentzako antzerkia eskainiko du Makelur taldeak kultur etxean. Hiru euroko sarrera erostea ezinbestekoa izango da.

Igandean elkarretaratzea egingo dute eguerdian, Okendo plazan. Horren ostean, 19:00etan  film emanaldia izango da. Viaje al cuarto de una madre ikusentzunezkoa ikusteko aukera izango dute lasarteoriatarrek 5,50 euroren truke. Amaitzeko, azaroaren 28an Bea Egizabalek   ipuin kontalari saioa eskainiko du.