Inauterietarako motorrak berotu ditu Sasoetak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ots. 4a, 13:23

Kaldereroak ospatu ditu Sasoeta Sasoian elkarteak asteburuan. Eguraldi txarrari jaramonik egin gabe astindu dituzte mailu, eltze eta zartagiak

Dibertitzeko gogoa eguraldi txarra baino gehiago denean: kaldereroak ospatu ditu Sasoeta Sasoian elkarteak asteburuan. Dozenaka pertsona ibili ziren larunbat arratsaldean auzoko kale eta bazterretan barrena, giro goibela alaitu nahian. Mailu, eltze, zartagi eta antzeko tresnak astindu zituzten horretarako. Hilabete bukaerako inauterietarako motorrak bero-bero dituzte.

Jaizkibel plazan elkartu ziren bizilagunak, arratsaldeko seietan. Auzoan barrena ibili ziren gero. Ibilbidean zehar hainbat sorpresa eta ekintza dibertigarri egin zituzten. Denek pasa zuten primeran, etxeko txikienek bereziki.