'Inahaldunak', gazte eta familientzat

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urt. 26a, 10:07
Ekintza berezia antolatu du Ttakun Kultur Elkarteak, haur, gazte eta familiek inauterietan aisiaz euskaraz goza dezaten

Amaraun Klubak, Gazte Klubak eta Kuadrillategik Inahaldunak egitasmoa antolatu dute. Azken urteotan Ttakun Kultur Elkarteak aurrera eramaten dituen haur eta gazteentzako programetako erabiltzaileekin hausnarketa egin ondoren sortu dute ekintza. Inahaldunak aisialdi euskaldunean eta haur eta gazteen ahalduntzean oinarritzen dira, Ttakunen egitasmoen helburuei jarraikiz.Egitasmoa bi egunetan eramango da aurrera.

Gazteak
Otsailaren 9an, ostiral mehean, Gazte Klubeko eta Kuadrillategiko lagunak Villa Mirentxun bilduko dira. Arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara, gazteen gozamenerako hainbat ekintza egingo dira.
Mozorro eta ikuskizun lehiaketa izango da lehenik. Parte hartzaileek antzerkia, dantza edo bertsoak abestuko dituzte, mozorroturik.
Ostean, dantza egiteko musika jarriko da. Dantzaldiak irauten duen bitartean, partaideek photocall berezi batean argazkia ateratzeko aukera izango dute, baita mokadutxo bat jatekoa ere.

Familiak protagonista
Bestalde, otsailaren 12an, astelehenean, Amaraun Klubeko haur eta gurasoen txanda izango da. 2 eta 8 urte bitarteko haurren eta familien arteko harremana sustatzeko eguna izango da. Villa Mirentxun jai giroan elkarrekin aritzeko aukera izango dute.
17:00etan, jaiari hasiera emateko,  mozorro lehiaketa egingo dute. Ondoren, familiek photocall-ean argazkiak ateratzeko aukera izango dute. Oroigarri moduan,  Txintxarri-ko webgunetik hartu ahalko dira irudian.
Jarraian, Plaza Irrintzika ikuskizunaz gozatu ahalko da. Euskarazko abestiak ardatz harturik, dantzaren, musikaren eta kantuaren bidez gorputza eta ahotsa piztuko dituzte bertaratukoek. Saioari bukaera eder bat emateko, irrintzia botatzen ikasi eta irrintzika bukatuko dute denek. Bukatzeko, sorpresa gozo bat jasoko dute bertaratuko guztiek.

Lehiaketak
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, lehiaketan parte hartzeko familiaka edo taldeka izena eman behar da. Honez gain, parte hartzaileek kontuan izan behar dituzte honako puntu hauek: gazteen kasuan, taldeak gehienez bost pertsona izango ditu eta ikuskizunetako musika behar izanez gero, euskaraz izan behar ko du; familien kasuan, familia irizpide bezela belaunaldi desberdinen arteko kideak egotea hartuko da.

Lehiaketetako epaimahaiak originaltasuna eta sormena izango ditu kontuan. Baina herriko inauterietako gaia lantzeak, lanbideak, puntuak gehituko dituela ohartarazi dute antolatzaileek.

Gazteen lehiaketan bi sari banatuko dira: mozorro onenari eta ikuskizun onenari. Epaimahaiak aukeratutako taldeek gazteei zuzendutako ikuskizun baterako sarrerak irabaziko dituzte, baita herriko merkataritza-establezimendu batean lagunen artean menua dastatzeko aukera ere.

Familien lehiaketan, berriz, sarituek herriko komertzio batean argazki saio berezi bat egiteko aukera izango dute. Izena emateko edota informazio gehiago eskuratzeko, Ttakuneko bulegora 943 371 448 telefonora edota aisia@ttakun.eus helbide elektronikora jo daiteke. Arduradunek haur, gazte eta familiak gonbidatu nahi dituzte egitasmo berri honetan parte hartzera.