Iheslarientzako material bilketa, Okendo plazan

Adrian Garcia 2017ko abe. 1a, 10:05
Lasarte-Oriako Talde Aktibistak errefuxiatuentzako materiala bilduko du abenduaren 15ean eta 16an. Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartearekin elkarlanean ari dira, eta bildutakoa Bilboko portuan daudenei bidaliko diete. Negurako arropa behar dute

Errefuxiatuen drama azaleratzen denean, askok Grezian edo Italiako kostaldean jartzen dute begirada. Baina laguntzeko ez da horren urruti joan beharrik, Euskal Herrian bertan badago-eta nor babestu. Bilboko portuaren inguruan errefuxiatu talde bat bizi da, Erresuma Batura jauzi egiteko esperantzarekin. Hain zuzen, talde horri laguntza emateko abiatu du Lasarte-Oriako Talde Aktibistak material bilketa. Okendo plazan jasoko dute neguko materiala; abenduaren 15ean, 18:30etik 20:30era; eta hurrengo egunean, 11:00etatik 14:00etara. 

Talde Aktibista errefuxiatuen alde lanean jarduten duten elkarteekin bildu da, eta haien beharrak identifikatu dituzte: negua igarotzeko materiala. "Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Zaporeak elkarteei galdetu genien, eta esan ziguten Bilbora bidaliko zutela bildutakoa. Soilik behar-beharrezkoa dutena bilduko dugu, bestela gauza gehiegi pilatzen dira", azaldu diote Txintxarri-ri Talde Aktibistako kide Amaia Amianok eta Ioritz Iparragirrek. 

Hortaz, lauzpabost pertsonarentzako kanpin dendak; esterilak eta material isolatzaileak; zapatak, batez ere 40-45 neurrikoak; berokiak eta jakak; galtzerdiak; eta motxilak eskatu dituzte. "Hori da orain behar dutena, beste guztia badaukate". Herriko ikastetxeekin ere harremanetan jarri dira, eta zentroetan ere jasoko dute materiala abenduan. Gero, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartearen esku utziko dute dena. "Horiek dira Bilboko portuko auziaren gainean daudenak", esan du Amianok.

Hiruhilabeteko honetan errefuxiatuen gaia ari da lantzen Talde Aktibista. Aspaldi utzi zioten albistea izateari komunikabide handietan, nahiz eta arazoa bere horretan egon. "Kontsumorako produktuak eskaintzen dituzte komunikabideek; gaia bukatzen da, hedabideak orain ez daude Lesbosen, eta orduan existitzeari uzten diote", saladu du Amianok. Hain justu, arazoak bere horretan dirauela aldarrikatu nahi du taldeak. "Hor daude oraindik,  nahiz eta ez luketeen egon behar, eta haietaz hitz egin behar dugu”. 

Gai sozialak hizpide

Bestetik, ikuspuntu politikoa azalarazi nahi dute. "Estatuek konpromiso bat hartu zuten errefuxiatuak hartzeko, eta ez dute bete. Hori salatu beharra ikusi dugu, eta presio sozial hori eragin nahi genuen herrian", esan du Iparragirrek. 

Gai sozial "potoloen" inguruan hitz egiteko beharrak bultzatuta sortu zuten Talde Aktibista. "Batzuetan dirudi erakundeen edo eragile handien menpe daudela gai horiek, baina guk guztiok dugu erantzukizuna, denok egin dezakegu zerbait", diote taldekideek. Eztabaida horiek ekarri nahi dituzte herrira, "kontzientzia sortzeko".

Joan den astean Villa Mirentxun eztabaida bat antolatu zuten, Zaporeak taldeko Oraitz Garciarekin eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko Xabi Areta eta Maider Agirrerekin. "Gai horiekin bertatik bertara lan egiten dutenak ekarri nahi genituen. Gaia plazaratu da, eta helburua bete da, eta harremanak saretzen hasi gara". 

Hain zuzen, elkarlanerako lan tresna ere izan nahi du taldeak. Izan ere, kideen ustetan zenbaitetan gizarte eragileak isolatuta daude, eta kohesio falta dute. "Bakoitza bere borrokan sartuta dago, eta ez ditu besteak ezagutzen. Guk ere ez genekien Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko bi kide zeudela Lasarte-Orian".