Igotzetik gol bakarrera geratu da Ostadar SKT

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko mai. 14a, 18:35
Azken segundora arte ez zuen etsi Emakumezkoen Lurralde mailako taldeak Euskal Ligara igotzeko ametsean, baina ezin izan zuen lortu azkenean: 3-3 berdindu zuten Arizmendiren aurka, eta eurak igo dira azkenean.

Futbolean distantziak ez dira zentimetroka neurtzen, golen arabera baizik. Euskal Ligara igotzetik bakar batera geratu zen Ostadar SKT, Aretxabaletako Arizmendi taldearen aurka hiruna berdinduta. Denboraldi amaierak krudela dirudi, baina inork ez dio kenduko taldeari sekulako sasoia egin izanaren satisfazioa. Azken partiduko azken segundora arte egon dira ametsa egi bihurtzeko lehian.

Hobeto zelairatu zen kanpoko taldea, Aretxabaletatik etorritako zale nekaezinen animoek hauspotuta. 12. minutuan sartu zuten 0-1ekoa. Une horretan Euskal Ligako taldea zen Arizmendi, Anaitasuna ezinean baitzebilen Ordiziaren aurka. Gola jaso arren, Ostadar SKTko jokalariak ez ziren behera etorri, ezta gutxiagorik ere. Irabaztea beste aukerarik ez zutela jakinda, baloiaren jabe egin eta Arizmendiren atea bilatzeari ekin zioten, etenik gabe. Eta lortu zuten saria: Saioa Perezek egindako jokaldi eder bat sareetara bidali zuen Nahia Mendiablek 22. minutuan. Markagailu horrekin iritsi ziren atsedenaldira.

Gol baten faltan

Kontuak egiteko errazak ziren: Ostadarrek bigarren gola sartu eta Arizmendiren aurka irabazten bazuen, Euskal Ligara igoko zen, Anaitasuna liderra galtzen ari baitzen Ordiziaren aurka. Asmo horrekin bueltatu ziren Michelingo zelaira jokalari urdin-beltzak.

Matematika-kontu horiek denak Arizmendik zapuztu zituen ordea, 60. minutuan 1-2koa sartuz. Ainhoa Berazak ez zuen zorterik izan eta bere atean sartu zuen gola. Kolpe gogorra izan zitekeen hori, baina Ostadarrek beste behin erakutsi zuen ez dela berehalakoan amore ematen duen horietako bat, eta 73. minutuan binakoa sartu zuen Ainara Maciasek. Ordu laurden geratzen zitzaien oraindik balentria egiteko. Kalkuluak, beste behin, sinpleak ziren: gol bat sartu, partidua irabazi eta Anaitasunak hiru puntuak ez poltsikoratzea.

Baina hirugarrena sartzen lehenengoa ez zen Ostadar izan, Arizmendi baizik. Bost minuturen faltan aurreratu ziren markagailuan. Bazirudien partidua erabakita zegoela, baina etxeko taldeak ez zuen denboraldia porrotarekin amaitu nahi, eta Goretti Iparagirre atezainak penaltiz berdindu zuen neurketa 89. minutuan. Azkeneko minutuetan 4-3koaren bila joan ziren urdin-beltzak, baina ezin izan zuten lortu. Euskal Ligara igotzetik gol bakarrera geratu dira.

Ostadar SKT: Goretti Iparraguirre (1); Andrea Lasaosa, Leire Gartzia, Ainhoa Beraza, Irati Fernandino; Candela Barrio, Naiara Valverde, Naiara Cerdeira (Irish Castro, 87. minutuan), Nahia Mendiable (1); Ainara Macias (1) eta Saioa Perez.

Ohorezko jubenila finalera

Euskal Ligara igotzeko lehian ari da baita ere Ohorezko jubenil mailako taldea. Atzo jokatu zuten ligako azken partidua, eta Martuteneri 0-5 irabazita, lehenengo postuan bukatu dute. Urrats bakarra ematea falta zaie: bigarren multzoko lider Ordiziaren aurka norgehiagoka jokatuko dute datorren asteburuan. Irabazten duena igoko da mailaz. Partidua zelai neutral batean jokatuko da; erabakitzeke dago oraindik zein izango den.