Igandea, dantzan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko ira. 10a, 20:48
Larunbata oheratu bezala esnatu da igandea: euritan blai. Halere, Extremeña elkarteko kideek ospakizun egitarauarekin aurrera jarraitu dute. Dantza izan da gaurko menuko osagai nagusia.

Iristen diren bezain bizkor joan ohi dira asteburuak. Bukatzear den honakoa ez da izan salbuespena, Extremeña elkarteko kideentzat batez ere. Guadalupeko Ama Birjina omentzeko ospakizunak egin dituzte hiru egun hauetan. Dantzan pasa dute gaurko eguna.

Andaluziar doinuak entzun dira gaur goizean Jaizkibel plazan. Semblante Andaluz eta Extremeña elkarteen arteko harreman onaren eta elkarlanaren erakusgarri, hiru dantza talde aritu dira oholtza gainean: Duende, Gitanillas del Alba eta Zambra. Duendekoak dira gaztetxoenak; eurak izan dira taulara igotzen lehenak. Adin txikikoak, baina trebezia handikoak: entseguetan landutakoak fruituak ematen duela erakutsi dute, guraso eta lagunen begiradapean. Gitanillas del Albako dantzari gazteak ere ederki aritu dira. Eta, bukatzeko, emanaldi nagusia: Zambrako sei dantzari trebeak. Txalo zaparrada luzeak eskaini dizkiete ikusleek, egindako lan bikaina saritu nahian.

Extremadurako doinuak arratsaldean

Arratsaldeko seiak aldera lepo zegoen Jaizkibel plaza. Herritar asko animatu dira igandeko ekitaldi nagusia ikustera. Donostiako Extremadura etxetik etorri, eta ikuskizun ederra eskaini du 'Virgen de Guadalupe' taldeak. Jota politak plazaratu dituzte dantzariek.

Eta, festak ezin hobeto amaitzeko, zortziak aldera jaitsiko dute Extremeña elkarteko bandera. Ondoren, amaierako festa ospatuko dute.

Asteburuko argazki galeria