Idoia Garzesek irabazi du Lizardi Saria, 'Hari single bat' lanarekin

Txintxarri Aldizkaria 2019ko urt. 14a, 12:50

Zarauzko Udaleko Kultura sailak saritu du lasarteoriatarrra. Hamahiru lanen artean gailendu da.

Lizardi Saria Lasarte-Oriara iritsi da aurten, Idoia Garzesen eskutik. Herritarrak Zarauzko Udalak emanten duten saria irabazi du, Hari single bat lanarengatik. Lanaren 2.500 ale argitaratuko dituzte, ikastetxeetan banatzeko. Gainera, 4.000 euro jasoko ditu Garzesek. Epaimahaiaren arabera, "fantasiak eta giro onirikoak blaitua" dago istorioa, eta irakurlea ametsen eta errealitateen artean harrapatzen du. "Idazkerari darion erritmoak gozagarri egiten du irakurketa". Yolanda Arrietak, Miren Agur Meabek, Ramon Olasagastik eta Alex Gurrutxagak osatu dute epaimahaia. 

Iragana eta oraina lotu ditu Garzesek Hari single bat lanean. Hain zuzen, 1936ko gerraren memoria ekartzen du idazleak. Elementu errealak, fantastikoak, gertakari historikoak eta mitologia nahasten dira orriz orri. Ñabardura bat baino gehiago ateratzen dizkio gerrari: erruarena eta isildutako ankerkeriarena, emakumeen memoriaren aldarrikapena... 

Apirilaren 29an jasoko du saria, Lizardiren jaiotegunean bertan. Egun horretan argitaratuko dute bere lana.