Ibon Fernandez Iradiren askatasuna eskatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 30a, 21:22
Mercero plazan egindako agerraldian Ibon Fernandez Iradiren kaleratzea eskatu du herritar talde batek. Aste bete barru jakingo da Parisko Dei auzitegiaren ebazpena. Egun horretarako manifestazioa deitu dute. Hau Okendotik abiatuko da 19:30ean.

Herritar talde batek deituta agerraldia egin dute Mercero plazan larri gaixo dagoen Ibon Fernandez Iradi herriko presoaren askatzea eskatzeko. Lehenengo, Zigor Iriondok Ane Labakaren bertsoa abestu du bertan bildutako herritarren aurrean. Jarraian, azaldu dute "beste behin Parisko Dei Auzitegiak zer erabakiko zain. Zain, Ibon Fernandez Iradik gaixotasun larri eta sendaezina duenean". Denborak bere aurka egiten duela esan dute "bi medikuek, zalantzarik gabe, kartzela gaixotasunarekin bateragarria ez dela adierazi ondoren. Zain 2014ko ekaineko ebazpenean epaitegiak Ibonen gaixotasun egoerak zigorra etetea justifikatzen duela aitortu zuenetik". 

Bi urte pasa dira zigorra eteteko eskaera egiteko tramiteak hasi zituenetik eta "behar duen tratamendua jasotzeko kalean behar lukeela bide ezberdinetatik aitortu zaion arren, kartzelan jarraitzen du" salatu dute. Martxoaren 26an azken audientzia izan zen Parisko Auzitegian. Bertan hirugarren mediku txosten bat jaso zen "egungo legediaren arabera, bakarra nahikoa denean". "Zergatik ez dira guztion giza eskubideak errespetatzen? Guk oso argi daukagu. Bada garaia hitzetatik ekintzetara pasa eta Ibonen giza eskubideak berma daitezen." 

Honekin batera, larri gaixo dauden beste presoak ere gogoratu nahi izan dituzte agerraldian, eta bat egin dute "Jagobarekin Donostian, Txusekin Basaurin, Josetxo eta Iñakirekin Iruñean, Jose Ramonekin Gasteizen, Inmarekin Santutxun, Aitzolekin Oreretan, Jose Miguelekin Larrabetzun, Ibonekin Ondarrun eta Garirekin Hernanin lanean ari diren herritarrekin. Euren min eta helburuekin. Baita zerrendan azaldu ez eta gaixo dauden presoen senide, lagun eta herritarrekin ere".

Larriki dauden presoak etxera ekarri behar direla aldarrikatu dute eta Ibonen epaia jakingo den egunerako, maiatzak 7, manifestazioa deitu dute. Honakoa Okendotik abiatuko da 19:30ean eta herritarrak gonbidatu dituzte honetan parte hartzera.