Musika taupadak Hipodromoan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko ira. 17a, 14:32
Hipodromoko belarra zapaltzen duten zaldiek baino jauzi handiagoa eman du aurten Donostia Festibalak. Iaz baino 6.000 pertsona gehiagoren bihotzek egin dute taupada musikaren erritmora aurtengo edizioan; 14.120k guztira

Iazko arantzatxoa atera dute Donostia Festibalaren antolatzaileek. Igeldon jaio eta hazi zen musika jaialdia, joan den urtean tokiz aldatzea erabaki zuten arte. Zenbait musika zalek ez zuten begi onez ikusi ideia hori, eta eguraldiak ere ez zuen batere lagundu: 8.000 pertsona inguru gerturatu ziren asteburu osoan. Festibalaren esentzia aldatzea erabaki dute antolatzaileek, eta apustua bikain atera zaie: iaz baino 6.000 pertsona gehiagoren bihotzek egin dute taupada musikaren erritmora. 14.120k guztira, antolatzaileek emandako datu ofizialen arabera.

Estatu mailan ospetsu diren Kase.O, Riot Propaganda, C. Tangana edota La M.O.D.A. taldeek jarraitzaile asko dituzte Euskal Herrian ere, asteburuan ikusi denez. Dena den, euskaraz abesten duen talde bat izan da kartel buru: Berri Txarrak. Keler eszenatokia txiki utzi zuen talde nafarrak larunbatean. 

Erabat arrakastatsua izan da aurtengo Donostia Festibala: artistek adin guztietako jendea erakarri dute. Pussy Riot errusiarrena izan da ustekabeko bakarra: kideetako bat ospitalean dago ingresatuta, eta taldeak erabaki zuen larunbat gauean eskaini behar zuen kontzertua bertan behera uztea.

Argazki galeria