Ia 25 milioi euroko aurrekontua edukiko du Udalak 2017an

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mar. 31a, 19:01

Ezohiko udalbatzar saioa egin dute gaur korporazioko kideek 2017rako aurrekontuen egitasmoa eztabaidatu eta onartzeko. Aurrera atera da azkenean: zazpi aldeko bozka (PSE), lau aurkako (EH Bildu eta PP) eta bost abstentziorekin (LOAD eta EAJ). EH Bilduk eta PPk osoko zuzenketa bana aurkeztu dizkiote proiektuari; ez dira onartu.

Lasarte-Oriako Udalak 24.920.428 euroko aurrekontua edukiko du 2017an. Egitasmoa eztabaidatu eta onartu ala ez erabakitzeko, ezohiko saioa egin dute gaur udal korporazioko kideek. Aurrera atera da proiektua. Aldeko bozkak zazpi izan dira (PSE-EE); aurkakoak lau (EH Bildu eta PP) eta eta abstentzioak, bost (LOAD Lasarte-Oriak Ahal Du eta EAJ).

2017rako udal aurrekontuen txostena onartua izan bada ere, horrek ez du esan nahi alderdiek eztabaidatu ez dutenik. EH Bilduk eta PPk osoko zuzenketa bana aurkeztu diote egitasmoari. Horrez gain, 27 emendakin partzial aurkeztu zaizkio, eta bost tekniko. 15 onartu dira eta 17 baztertu.

Udal Gobernuak jakinarazi duenez, aurrekontuen ildo nagusiak zeintzuk diren azaltzeko prentsaurreko bat egingo du, datorren astelehenean, 12:30ean.

Osoko zuzenketak

Eztabaidatu diren aurreneko puntuak PPk eta EH Bilduk aurkeztutako osoko zuzenketak izan dira. Interbentzio-txandak korporazioan dituzten kideen arabera egin dituzte, gutxien dituztenetik gehien dituztenera.

PPko Alejandro Saenzek hartu du hitza aurrena. Besteak beste, azaldu du udal aurrekontuen egitasmoak "nahastu" egiten dituela "udalerriaren lehentasunak", enplegua sustatzeko "diru-kopuru osoaren %1a" besterik ez duelako bideratzen. Gehitu du herriko kirol instalazioak berritzeko eta aldatzeko egitasmoek "gabezia gaindiezinak" dituztela, Atsobakarreko kirol proiektuak kasu: "Harmailik gabekoa izango da". Salatu du baita ere "15 egun" baino ez dituela izan txostena irakurri eta aztertzeko.

Jesus Zaballos alkateak (PSE) erantzun dio: "Aurrekontuen egitasmoa lantzen ari ginenean eta zirriborroa eskuetan genuenean jarri ginen harremanetan PPrekin bilera bat egiteko, baina ez genuen erantzunik jaso". Bestalde, gogorarazi du enpleguaren eskumenak ez direla Lasarte-Oriako Udalarenak, Eusko Jaurlaritzarenak baizik. 

Eztabaidatu ostean, bozketa egin dute: PPk bozkatu du alde, PSEk, LOADek eta EAJk aurka (12 guztira) eta EH Bilduk aurka (3 guztira; berez lau zinegotzi ditu koalizio abertzaleak, baina Leire Elizegi ez da gaurko saioan egon).

EH Bilduk bere osoko zuzenketa aurkeztu du ondoren (asteon prentsaurrekoa eskaini dute, sakonki azalduz zergatiak). Pablo Barrio bozeramaileak nabarmendu duenez, "kezkagarria eta arbuiagarria" da aurrekontuen proiektua. "Herritarren iritziak kontuan hartu gabe" egin da udal aurrekontuen egitasmoa koalizio abertzalearen iritziz: "Aurrera begira eragin handia izango duten inbertsioak jaso dira txostenean eta herritarrak kanpoan geratu dira; lanketa sakonago bat eskatzen du aurrekontu parte-hartzaileak egiteak". Lasarte-Oriarentzat "plan estrategiko baten beharra" azpimarratu du: "Gauzak halamoduz egiten dira; adibide garbienetako bat Atsobakarreko kirol instalazioena da. Horren harira, ondare publikoa erabiltzea inbertsioak egiteko...latza iruditzen zaigu; legea alor horretan udalen aurka egonda ere, saiatu behar dugu beste bide batzuk urratzen eta beste plangintza batzuk egiten".

Zaballosek, erantzuterakoan, zehaztu du "epe luzera egindako aurrekontuak" direla aurtengoak, baina "2019ko hauteskundeen ostean eratu daitekeen gobernuaren eskuak lotuta utzi gabe". Era berean, gehitu du aurrekontuen inguruko "parte-hartze prozesu bat" aurtengoak diseinatzerakoan egin dela "aurrenekoz". Atsobakarreko kirol instalazioen egitasmoari dagokionean, gogorarazi du arau subsidiarioek zehazten dutela kirol ekipamendurako izan behar dutela lur horiek, eta kiroldegi berri bat egin aurretik Atsobakarreko instalazioak egin behar direla, "gaur egun Michelingo atletismo moduluan dihardutenak ez daitezen geratu entrenatzeko tokirik gabe".

Osoko zuzenketa hau ere ez du onartu udal korporazioak. Hiru izan dira aldeko bozkak (EH Bildu), 12 aurkakoak (PSE-EE, LOAD eta EAJ) eta abstentzio bat (PP).

Balorazioak

Osoko zuzenketak zein partzialak mahairatu eta gero, 2017rako udal aurrekontua onartu ala ez erabakitzeko unea iritsi da. Arestian zehaztu legez, aurrera atera da: PSEk bozkatu du alde, aurka agertu dira EH Bildu eta PP eta abstenitu egin dira LOAD eta EAJ.

Jesus Zaballos alkateak baloratu du aurrekontuen txostena Udal Gobernuaren izenean. "Saiatu gara korporazioko 17 kideetatik 13rekin ados jartzen; azkenean, aldeko bozka zein abstentzioen bitartez, 12k erakutsi dute aldeko jarrera. Gehiengo nahiko zabala dela uste dut: eskerrak eman nahi dizkiet LOAD eta EAJ alderdiei borondatea erakusteagatik eta herritarren onurarako izango diren aurrekontuak onartzen laguntzeagatik".

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztera eraman duten ildo nagusiak azpimarratzeko baliatu du azken txanda hori: "Herritarrak kanpoan geratu dira aurrekontuetatik, herriarentzako plan estrategikorik gabe egin dira eta halamoduz egiten dira gauzak, iparrik gabe, Atsobakarreko kirol instalazioak kasu; ez dakigu zer nolako Lasarte-Oria nahi dugun". Era berean, argitu dute Udal Gobernua ez dela jarri eurekin harremanetan aurrekontuen egitasmoa lantzeko.

LOAD alderdiak ere egin du analisia. "Aurrekontuak Udal Gobernuak egiten dituela kontuan hartuta, aurten gure alderdiak aurkeztu dituen proposamenak ez dira izan horren pisuzkoak gure bozka aldekoa izateko". Hala ere, Arkaitz Naya bozeramaileak zehaztu du "ados" daudela txostenean jaso diren zenbait inbertsiorekin: esaterako, bizilagun elkarteei emango zaizkien laguntzekin edo igogailuak egiteko diru-laguntzekin. "Neurri batean, ariketa arduratsua egin du Udal Gobernuak, eta, aldeko bozka emateko aski ez bada ere, abstentzioaren bitartez ados gaudela adierazi nahi dugu".

EAJk, azkenik, zehaztu du "arduratsu eta herritarren interesen alde jokatzen" saiatu dela. Bestalde, azpimarratu du "masa salariala gainditu" egiten dela aurten ere: "EAJk Ogasun Batzordea eraman zuen lau urteetan errespetatu egin zuen muga hori". Bukatzeko, alderdi jeltzaleak esan du bat datorrela Udal Gobernuak jasotako hainbat proiekturekin. Bat nabarmendu du guztien gainetik: Atsobakarreko kirol egitasmoa eta bigarren fasean etorriko den kiroldegi berriaren proiektua. "Ozen eta harro esan dezakegu EAJri esker abiatu zirela, gure hauteskunde programa lekuko".