Hurrengo hiru urteko dirulaguntzak adostu dituzte Aterpeak eta Lasarte-Oriako Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko uzt. 10a, 17:07
Hiru urterako laguntzak izango dira, eta merkatarien elkarteak 11.000 euro inguru jasoko ditu urtean

Lasarte-Oriako merkatarien elkarteak, Aterpeak, eta udalak hiru urterako akordioa sinatu berri dute. Urtero, 11.000 euro inguru jasoko du elkarteak, herriko merkataritza sustatzeko helburuarekin.

Alkate Jesus Zaballosek azaldu duenez, "plazerra" da Aterpearekin lan egitea. Halaber, nabarmendu du elkarteak azken urtean izan duen igoera bazkide kopuruari dagokionez, eta hori dela eta, halako hitzarmenak gero eta beharrezkoagoak direla. Lehenengo aldiz, hiru urterako kontratua sinatu dute, ohikoak ziren urtebetekoen aldean. Arrazoi nagusia da bigarren eta hirugarren urteetan dirua lehenago eduki ahal izatea, hitzarmena sinatzera itxaron beharrik gabe.

Aterpeako lehendakari Ramon Ormazabalek udalaren jarrera eta prestutasuna eskertu ditu. Hiru urterako laguntzak ekarriko dituen alde onak aipatu ditu, hemendik aurrera edukiko dituzten erronkak eta planteamendu berrien beharrak nabarmenduz. "Merkatal gune berriak Lasarte-Oriako merkatariengan eragin negatiboa izango du. Horregatik, garrantzitsua da haiek utzitako zergetako dirua herriko merkataritzan inbertitzea", azaldu du Ormazabalek. Dena den, aitortu du "behin proiektua egin behar dutela jakinda, nahiago dugu Lasarte-Orian eta ez Belartzan –Donostian– ezartzea. Izan ere, herriko langabetuak babestuko dituen hitzarmenak sustatu daitezke, eta ordaindu beharreko zergak herrian bertan ordainduko lituzketelako".