Hotza izango dute aurkari deserosoena

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urr. 26a, 12:30

Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoian izena emateko aukera dago igandera arte. Herriko ohiko korrikalariek izena eman dute dagoeneko. Faboritoek azken unera arte itxaron ohi dute dortsala eskuratzeko. Udalak 2.000 euroko laguntza eman dio Ostadarri

Entrenamendu guztiak amaituta, iganderako atsedena hartzea besterik ez zaie geratzen korrikalari eta patinatzaileei. Askok azken unera arte utzi dute izen ematea, ziurrenik eguraldi iragarpenei begira. Orain artekoak ez dira oso baikorrak: hotza egingo du, hamar gradutik behera. Euria egiteko arrisku txikia ere badago. Edonola ere, asteazken gauerako 500 bat pertsonak eman zuten izena dagoeneko, gehienak herrikoak bertakoak. Halere, azken unera arte badago aukera dortsala eskuratzeko: gaur Manuel Lekuona kultur etxean     17:00etatik 20:00etara; bihar, lasterketa bezperan, Michelingo frontoian 11:00-14:00 eta 17:00-19:30 bitartean; eta lasterketa egunean bertan, 09:00etatik 10:00etara. 

  Antolatzaileek ohartarazi dute faboritoak azken unera arte itxaron ohi dutela izena emateko. Horrexegatik, edizio hau ixteko orduan  dortsala eskuratu gabe zeuden aurreko urteetako irabazleak. Iaz hirugarren egin zuen Aitor Etxeberria igeldoarrak soilik ziurtatu du parte hartzea. 

Haatik, Lasarte-Oriako ohiko korrikalariek ez dute hutsik egingo. Fede Otaegi 23. aldiz izango da irteera lerroan. Krosa aldi guztietan egin duen pertsona bakarra da. 

Lehen postuetan sailkatu ohi diren herritarrek ere mimoz prestatu dute lasterketa. Raul Gomez Margallok eta Jon Presak  erantzun berbera eman diote txintxarri-ri: "Nola ba ez dut parte hartuko herriko lasterketan?". Anabel Elenok eta Maite Salazarrek ere ez dute galduko krosa. Eleno bigarren izan zen iaz, lehenengo herritar gisa sailkatzeaz gainera.  Halere, ohartarazi du aurten errepide gutxi zapaldu duela, mendi lasterketetan murgilduta baitago.  "Gutxi entrenatu dut errepidean, mendian  gehiago ibili naiz". 

Lasarte-Oria Trail, lehenengoz
Orain urtebete baino gutxiago sortu zuten Lasarte-Oria Trail mendi lasterketa taldea, eta lehenengo krosa izango dute aurtengoa. Horrexegatik, iragarri dute "zerbait berezia" egingo dutela. Taldekideak batera aterako dira, "erritmo benetan mantsoan", lasterketaz eta giroaz ahalik eta gehien gozatzeko. Dei egin diete  nahi dute herritarrei haiekin  batera ateratzera. "Korri egitera ohituta ez dagoen jendea animatzeko modu bat da", adierazi du taldeak.  

Lasarte-Oriako Udalak ere herritarrak animatzeko deia egin du. Aurten 2.000 euroko laguntza eman dio Ostadarri. 3.000 erosketa poltsa oparituko dizkiete lasterkariei, Lasarte-Orian Bizi eta Erosi leloarekin.  Hain zuzen, herriko merkataritza suspertzeko helburu horrekin jaio zen lasterketa orain 23 urte.