Hotelgintzan enplegua sustatzeko diru laguntza berriak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 21a, 10:00
Beterri-Buruntza eskualdeko Enplegua Sustatzeko Hotelgintza programarako Kontratazioetarako diru laguntzak argitaratu dira. 2017ko proiektu berezietarako laguntzen baitan kokatzen dira eta Lanbide eta Beterri-Buruntza eskualdeko udalen artean finantzatzen dira

Beterri-Buruntza eskualdeko Enplegua Sustatzeko Hotelgintza programarako Kontratazioetarako diru laguntzak argitaratu dira. 2017ko proiektu berezietarako laguntzen baitan kokatzen dira eta Lanbide eta Beterri-Buruntza eskualdeko udalen artean finantzatzen dira.

Enpresak, profesionalak edo erakundeak dira onuradunak, beti ere, solairuetako zerbitzari edo gela zain moduan aritzeko langabezian dauden pertsonak kontratatzen badituzte, lanaldi osoan, Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean eta gutxienez 6 hilabeteko iraupenarekin. Ezin dira administrazio edo erakunde publikoen menpeko izan, ezta horiekin lotura sozietariorik izan ere. Gizarte segurantza eta zergen betebeharrekin egunean egon behar dira eta ezin dute  Beterri-Buruntza eskualdeko udalekin zorrik izan.

Kontratatua izateko baldintza hauek bete beharko dira: Beterri-Buruntza udaletako langabetuak izatea eta Cebanc-ek emango duen prestakuntza atala egoki gainditzea, hain zuzen ere, Ostatuetan solairuetako oinarrizko lanak egitea, 300 ordutako profesionaltasun ziurtagiria.

Laguntzak 2018ko martxoaren 21etik apirilaren 1era bitarte egiten diren kontratazioetan eskatu daitezke. Baina ezin dira ez trebakuntza kontratuak, ezta ikastun kontratuak izan ere.

Laguntzek ez dituzte 8.000 euroak gaindituko. Izan ere, laguntzaren azken zenbatekoa ezin da kontratatutakoen soldata kostuen eta Gizarte Segurantzako kostuen %100 baino gehiago izan.

Eskaerak Andoaingo Udalaren Sustapen Ekonomiko, Enplegu eta Gazteria Saileko Erregistroan aurkeztu behar dira. Horiek aurkezteko epea 2018ko apirilaren 30an amaitzen da.