Hondakinen kudeaketaren gatazkari irtenbide bat bilatzeko, gizartearen eskuhartze proposamen bat aurkeztu du GuraSOSek: Hitzartu. Gizarte Zibilaren ekimenez jaio da egitasmoa, eta hitza hartu eta adostasun batera iritsi nahi dutela eman dute jakitera.
Programaren helburua da aniztasunetik, elkarrizketaren bidez informazioa eman eta eztabaidarako tartea zabalduta, hondakinen gatazkari konponbide adostu eta demokratiko bat ematea. Horrela azaldu du Hitzartuk. Hiru irizpide ditu egitasmoak: herritarren parte hartze prozesua egitea; 2017-2030 urtera arteko GHHKPO (Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra) idaztea; eta hiri hondakinen kudeaketan hitzarmena lortzea.
Foro irekia eta aniza osatu nahi dute, hondakinen kudeaketaren inguruko kezken, jakin-minen eta iritzi guztien gainean hitz egiteko erabilgarri izango dena.
Erronka hartzeko deia, herriari
Jendarteari dei egin diote erronka bat hartzeko: "Prozesu hau esperimentu bat da, aukera berri bat Gipuzkoako gizartearentzat". Herritarren inplikazioaren araberako izango da; elkarte, mugimendu eta pertsonen araberakoa. Baina Hitzartuk garbi du: "Gizarteak ezin du ikusle gisa gelditu, inondik ere, eta inplikatu behar du, irtenbide adostu eta osasuntsu baten alde".
EHUk diseinatua
Euskal Herriko Unibertsitateak diseinatu du parte hartze egitasmoa, eta Gipuzkoako herritar ugariren, eta gizarteko alor askotako jendearen babesa jaso du.