Hizkuntzarekin jolasean, algara eta barre artean

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 15a, 13:47
Bertso Eskolak zortzi talde osatu ditu aurten, 6. mailako eta DBHko gaztetxoekin. Ane Labaka eta Haritz Mujika bertsolariak aritzen dira irakasle lanetan. Gustura elkartzen dira ikasleak, astean behin ordubetez txantxa artean bertsotan jarduteko

Beharrezkoa izaten dute gaztetxoek ikastetxeko lanetatik atsedenalditxo bat hartzea noiz behinka. Horretarako ordutxo bat hartzen dute DBHko ikasle batzuk, astelehenetako bazkalostean, hitzekin eta errimekin jolasteko lagun artean. Oriarten elkartzen dira Bertso Eskolako kideak, Ane Labaka eta Haritz Mujika bertsolari gazteen gidaritzapean, bertsoetan jarduteko. Hasieratik nabari da ez dela ohiko eskola bat; txantxa artean ekiten diote kantuari. Horretan laguntzen dute irakasleek. Talde txikiak izanda, patxadaz lan egiteko aukera ematen dute. Guztira, zortzi dituzte aurten; lau seigarren mailan, eta beste horrenbeste DBHn.

Ez da bertsoekin duten lehenengo harremana. 5. eta 6.mailan Unai Muñoa herriko bertsolariarekin egiten dute lehen hurbilketa, eskola orduetan. Ondoren, gehiago sakondu nahi duenak izena ematen du Bertso Eskolan. Aurten lehenengoz taldea atera dute 6. mailan, eskolaz kanpo ere aukera izateko bertsotan ikasteko. 

Astelehen eguerdian DBHko bi taldeak elkartu dira, zortzi ikasle guztira. Mahaiaren bueltan eseri denak, elkarri begira. Lander, Alazne, Ane eta Nora alde batean. Eneko, Julen, Aitana eta Goiatz bestean. 

Hiztegia eta memoria 
Zergatik izena ematen duten galdetuta, azkar erantzuten dute ikasleek: "Gustatzen zaigulako". Onartzen dute batzuetan lagunek "arraro" begiratzen dietela Bertso Eskolan aritzeagatik, baina ez zaie axola. "Nahi dugulako etortzen gara". Erabilgarriak zaizkie gero bertsoak eskolatik kanpo ere. "Piropoa  botatzeko, edo norbait zoriontzeko", diote ikasleek. Baita amari "petarda" deitzeko ere, baten batek onartu duenez.

Edonola ere, txantxak egiteaz gainera, irabazten dituzte gaztetxoek beste hainbat abilezia. Izan ere, memoria eta hiztegia lantzen, eta jendaurrean hitz egiteko ohitura irabazten dute. Horretan badute eskarmentua; sanpedroetako bertso ekitaldian agurra kantatu zieten bertsolariei, Maialen Lujanbiori eta Andoni Egañari, besteak beste. "Adarra jo genion Egañari, baina gero hark ere bueltatu zigun".

Halere, oraindik urduri jartzen dira jendaurrean kantatzean. "Lotsa leihotik behera bota". Hain justu, horixe da Bertso Eskolan barneratzen duten lehen ikasgaia. Pertsona izan daiteke lotsatia, baina bertsotan aritzeko unean behintzat, lotsagabe aritu beharra du.

Nolanahi ere, urduritasun horrek badu gero ordaina. "Oholtza gainean zaudela txaloak jasotzen dituzunean ilusioa egiten du". 

Bertsoak osatu ez ezik, kantatu ere egin behar dute. Antzerkia eta musika egiten dute kide batzuk, baina oraingoz behintzat, ongi kantatzeak ez die sobera kezkatzen: "Kantatzen ez dakiten bertsolari oso onak badaude". 

Bestalde, bertsolaritza txapelketen bideoak ikusten dituzte, eta baita porrak egin. Badituzte bertsolari faboritoak: "Egaña, Maialen, Gaztelumendi...". 

Eskola amaitzeko, bertso bat nola osatu erakutsi diote gaztetxoek TXINTXARRI-ri. Lehenengo, garrantzitsuena: gaia aukeratu. Ondoren, doinua. "Horrek ematen digu neurria". Bukaerako oina jarri, oinak markatu, eta ideia zurrunbilo bat botatzen dute zortzirek. Hitz horiekin osatuko dituzte gero oinak. Konturatzeko, minutu gutxitan dute bertsoa, Orioko balea-ren doinuarekin: "Gu bertso eskolako / ikasleak gara / hemen egiten dugu / barre ta algara / ondo pasatzen dugu / ta oso guaya da / apuntatu zaitezte / bertso eskolara".