Hizkuntza, haurraren eta gurasoen arteko lokarria

Adrian Garcia 2017ko urr. 6a, 12:15
Paula Kasares hizkuntzalariak haur jaioberrien komunikazioari buruzko hitzaldia eman du, udalak antolatuta. Hitz egiten ikasi aurretik hiztunak dira haurrak, eta haiekiko komunikazioa sustatu behar da, haren esanetan: "Eman, piztu, deskribatu, galdetu"

Sortu aurretik hasten da haurra komunikatzen. "Hitz egitea arnasa hartzea bezala baita", Paula Kasares Nafarroako Unibertsitate Publikoko hizkuntza adituaren esanetan. Mercero gunean Komunikazioa haurraren zoriontasunean hitzaldia eskaini zuen filologo eta antropologoak. Familian komunikazioak duen garrantziaz ohartarazi die adituak haur jaio berrien gurasoei. "Komunikazioak laguntzen du gizarteratzen". 

Hitz egiten ikasteko prozesua jaio aurretik hasten da, "sabeletik", Kasaresen hitzetan. Horrela frogatzen dute egindako esperimentuek. "Giro frantsesean eta alemaniarrean jaiotako bi haurren negarrak aztertu dituzte, eta desberdinak dira melodia eta erritmoen aldetik". 

Etengabe komunikatzen da haurra, emozioak transmititzeko helburuz. "Hasperen egiten du, luzatu egiten da, negarra egiten du, irribarre egiten du... Emozioak pizten du komunikazioa: goseak, hotzak, bakardadeak, egonezinak...". 

Batzuetan gurasoek pentsa dezakete haur jaioberriak gaitasunik ez duela ulertzeko, eta, beraz, ez duela pena merezi hari hitz egitea. Alde batera utzi beharreko pentsamoldea da hori, Kasaresek argitu duenez: "Haurrak dena entzuten du. Beti sustatu behar da komunikazioa, ahal den guztietan. Hizkuntzaren goxotasuna da haurraren eta gurasoen arteko lokarria. Estutu egin behar da lokarri hori". Baliabide asko daude lotura hori estutzeko; abestiak eta jolasak dira egokiak, esaterako. 

Haurrak ahoa garatu gabe du bizitzako lehen unetan, eta horregatik ez da gai hitz egiteko. Halere, Kasaresek nabarmendu du hiztuna dela hasieratik. "Lehen hitzak ahoskatu aurretik hasten da ikasteko prozesua". Eta berebiziko rola dute jokatzeko gurasoek horretan, komunikazio hori sustatu egin behar baitute: "Eman, piztu, galdetu, elkarrizketatu...". Bide horretan, ipuinak kontatzea garrantzitsua da. "Jarrera proaktiboa erakutsi behar dute gurasoek". 

Bestalde, euskara barneratzeko prozesuan euskara aditzeko eta aritzeko "askotariko aukerak" behar ditu haurrak. Alegia, eskolan irakatsitakoarekin ez dela nahikoa. "Bizitzen ikasten da; parkean familian...". 

Euskara Batzordea

Hitzaldia baliatu zuten hainbat gurasok zalantzak argitzeko, eta udalaren euskara programaren berri izateko. Hain zuzen, Euskara Batzordeak martxan duen Haur Jaioberrien programaren barruan dago hitzaldia. Urtarrilean eta ekainean eskainiko dituzte hurrengoak.