Hondakinen gatazkak Gipuzkoako gizartea astindu du, baina konponbidea aurkitzeko orain arte apenas sortu da eztabaida gunerik. Zaborren bilketaren politikak alderdi politikoek adostu dituzte, askotan gizartearen kezkak kontutan hartu gabe. Arazoa errotik konpondu nahi du Hitzartu prozesuak. Gizarte zibilak parte hartze prozesu bat bultzatu nahi du, 2017-2030 urteetarako hondakinen plan integral bat adosteko. "Prozesu hau esperimentu bat da, aukera berri bat Gipuzkoako gizartearentzat", adierazi dute ekimenaren bultzatzaileek. Lasarte-Oriako Ttakunenea elkartean aurkezpena egingo dute datorren asteazkenean, 19:00etan. Prozesua bultzatzeko crowfunding kanpaina bat hasi dute; www.itsulapikoa.eus webgunean egin daiteke ekarpena.
Prozesuak urtebete iraungo du, eta hiru fase nagusi izango ditu. 2018ko lehen seihilekoan herritar eta eragileek hartuko dute hitza. Ahalik eta parte hartze zabalena sustatu nahi dute bultzatzaileek, gizartearen ordezkapen ahalik eta zabalena izateko. Mahai tekniko batek eta mahai sozial batek herritarren proposamenak bideratuko dituzte, etorkizuneko eszenatokiak bideratzeko.
Mahai soziala eta teknikoa
Mahai soziala herritar eta eragileek osatuko dute, eta haiek ekarpenak egingo dituzte. Mahai teknikoa adituez osatuta egongo da (juristak, politologoak, ekonomistak, irakasleak, osasun eremuko profesionalak…), eta herritarren ekarpenekin erredaktatuko du plana ondoren. Abendurako nahi dute proiektua idatzi. Azkeneko fasean lana aurkeztu, aztertu, baloratu eta oniritzia emango diote.
Prozesuak ondorengo helburuak ditu: batetik, gizarte kohesio handiagoa lortzea. Bestetik, ingurumena eta osasuna gehiago babestea. Eta azkenik, Europako Batasuneko arauak eta politikak zorrotzago betetzea.
EHUk diseinatuta
Euskal Herriko Unibertsitateak diseinatu du prozesua, eta ondoko pertsonek osatzen dute berme batzordea: Pedro Ibarra EHUko katedradunak, Ernesto Ganuza CSICko zientzialaria, Juanjo Alvarez EHUko katedraduna, Garbiñe Biurrun magistratua eta Bernardo Atxaga idazleak. Pertsona horiek prozesua ikuskatu eta monitorizatu egingo dute.