Hitzaldia eta martxa errausketaren aurka

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ots. 22a, 19:00
Errausketaren aurkako mugimenduak bi hitzordu garrantzitsu ditu aste honetan. Batetik asteazkenean, Lasarte-Oriako Aire Garbia plataformak antolatuta Osasuna eta Errausketa Ikerketa taldeko kideek 'Errauste planta eta osasuna' hitzaldia eskainiko dute. Igandean, berriz, errausketaren aurkako beste taldeekin batera martxa egingo dute erraustegia eraiki nahi den eremura. Herri ezberdinetatik aterako dira taldeak eta Lasarte-Oriako herritarrek, 10:30ean, Okendo plazan dute bilgunea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietako gainetan erraustegia egiteko asmoa agertu du berriro. Horregatik, hondakinen errausketaren kontra eta Zero Zabor ereduaren aldeko taldeek igandean errausketaren aurkako martxa antolatu dute. Hitzordu honen aurretik, asteazkenean, errausketak osasunarengan duen eragina jakinarazteko  hitzaldia egongo da Manuel Lekuona kultur etxean.

Errauste-planta eta osasuna

“Badakizu Gipuzkoako mediku talde batek eskatu duela zuhurtziaren printzipioa aplikatzeko eta Zubietako errauste-planta ez egiteko?”. Galdera honekin hasten da Aire Garbia plataformako kideek aste honetan Lasarten barrena buzoneatzen ari diren orritxoan. 

Orritxo honen helburu nagusia datorren asteazkenean izango den hitzaldiaren berri ematea da.

'Errauste-planta eta osasuna' hitzaldia Manuel Lekuona kultur etxean egingo da, arratsaldeko 19:00etan etan, eta bertan Osasuna eta Errausketa Ikerketako Taldeko kide diren hiru medikuk hartuko dute parte: Iñigo Suberbiolak, Maialen Berridik eta Joxerra Furundarenak. 

Mediku talde honek, Europa osoko hainbat ikerketa aztertu ondoren, ondorioztatu du errauste-plantek isurtzen dituzten gasek eta hondakin toxikoek zuzenki kaltetzen dutela gizakien osasuna eta horrela jakinarazi zuten otsailaren 2an, Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean egindako prentsaurrekoan.

Ikerketen arabera, erraustegiek sortzen dituzten metal astun, dioxina, furano, poliklorobifenilo eta benzopirenoek tumoreak, malformazio kongenitoak, alterazio hormonalak eta biriketako gaitzak eragiten dituzte. Errauste-plantetatik hamar kilometrora bitartean bizi diren pertsonek aukera gehiago dituzte biriketako, gibeleko, laringeko, hesteetako, sabeleko eta bestelako minbiziak izateko. 
Beraz, Suberbiola, Berridi eta Furundarena errausketak gure osasunean duen ondorioez mintzatuko dira asteazkeneko hitzaldian.

Martxa Zubietara

Bestetik, Errausketaren kontrako Mugimenduak martxa antolatu du otsailaren 28an Zubietara, zehatz-mehatz, Foru Aldundiak erraustegia eraiki nahi duen parajeraino bertaraino. 

Lelo nagusia edo ekimen honen oinarrian dagoen filosofia 'Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi' da. Lasarte-Oriako Aire Garbia plataformak martxan parte hartzeko dei egin du.

Martxa hainbat herritatik abiatuko da eta parte-hartzaileak bidean topatzen joango dira. Azkenean, edonondik abiatu direla ere, denek bat egingo dute 12:00ak aldera, Letabiden, Aldundiak erraustegia eraiki nahi duen lekuan, alegia. 

Gero elkarrekin jaitsiko dira. 13:00ak aldera, Zubietako frontoian, martxa burutzeko ekitaldia izango da. 

Adar ezberdinak

Aire Garbia plataformak jakitera eman duenez, momentuz konfirmatuta dauden abiatze-hitzorduak hauek dira: 

• Andoain, merkatuan, 8:00etan 
•Zizurkil, plazan, 8:00etan 
•Hernani, Gudarien plazan, 8:30ean 
•Añorga Txiki, 9:30ean 
•Lasarte-Oria, Okendon, 10:30ean 
•Zubieta, plazan, 11:00etan 
•Usurbil, frontoian, 11:00etan 

Era honetara, adar ezberdinak sortu dira inguruko hainbat herrietatik.

Hitzordu edo parte-hartzaileen elkargune nagusietako bat izango da Lasarte-Oria. Izan ere, gure herrian Hernanitik zein Donostiatik datozen martxistak batuko baitira. Bestea Zubieta izango da.

Testuingurua eta balorazioa

Foru Aldundiak erraustegiproiektua berpiztu du eta, ondorioz, horren kontrako oposizioa ere aktibatu egin da. 

Joan den urtarrilean, erraustegiaren mehatxuari aurre egiteko hainbat talde eta pertsona bildu ziren Zubietan: talde eskarmentudunak eta sortu berriak; Zubietatik gertu bizi diren pertsonak eta urrutixeago bizi direnak. “Izan ere, arazo hau Zubietako ingurukoei soilik axola zaiela uste dutenak oso-oso oker baitaude”, azaldu dute Aire Garbiako kideek. 

Talde eta pertsona desberdinak bildu ziren bertan baina oinarrizko ideia pare batean, behintzat, guztiz bat etorri ziren. 

Lehenengo ideia da erraustegia pertsonen osasunerako zein ingurumenerako arriskutsua dela. 

Bigarrena, errausketak, sistema garestia izateaz gain (horren adierazle bat baino ez da Hondakin Kontsorzioak tarifak % 20 garestitzeko hartu berri duen erabakia), errotik galarazten duela biziklatze-bidean eta ekonomia zirkularreko bidean aurrera egiteko aukera. 

Baina, oinarrizko bi ideia horietatik aparte, bada batzen dituen uste sendo bat Errausketaren kontrako Mugimenduko kideek aipatu dutenez, “elkarrekin arituz gero, erraustegi-proiektua berriro bide bazterrean utz dezakegu, oraingoan behin betiko utzi ere”. 

Mugimenduaren iritziz, “uste sendo honek berebiziko garrantzia du. Izan ere, Foru Aldundiak behin eta berriro sinestarazi nahi digu alferrik ari garela, “hau” nahitaezkoa dela, atzeraezina; hemendik pixka batera proiektua esleituko duela, geroxeago lanak, eta lau urte barru erraustegia halabeharrez martxan egongo dela, tximiniatik kea dariola. Mezu hauek amore eman dezagula dute helburu”. 

“Oso zaila dute, ordea, lehen ere askotan entzun ditugulako, erraustegia Zaldunbordan eraiki nahi izan zutenean, eta gero Landarbason, eta Urnietan, eta Aritzetan... Kasu haietan ere 31 zituztela eta esku zeudela uste zuten. Partida galdu zuten, ordea. Orain orduko lelo bertsuarekin datoz, eta, kasu haietan zer gertatu zen ezagututa, pentsatzen hasita gaude guk amore eman dezagun baino gehiago ez ote duten leloa behin eta berriro errepikatzen beraien buruari adore emateko, “oraingoan bai” sinesteko beharra balute bezala,” azpimarratu dute Mugimenduko kideek. 

“Nolanahi ere, guk badakigu partida ez dela inola ere bukatu, eta elkarrekin jokatzea erabaki dugu. Otsailaren 28ko martxa horren ondorioa baino ez da,” jakitera eman dute.

Era berean, errausketaren aurka dauden inguruko herritar guztiak gonbidatu nahi izan dituzte martxan parte hartzera.