Hiru urterako hitzarmena sinatu dute Zero Settek eta udalak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko abe. 5a, 11:38
Akordeoi orkestrak 3.750 euro inguru jasoko ditu urtean, gastu orokorrei aurre egin ahal izateko. Lasarte-Oriaren izena eramango dute herritik kanpoko ekitaldietara.

Zero Sette Akordeoi Orkestrak eta Lasarte-Oriako Udalak hiru urterako hitzarmena sinatu berri dute. Modu horretan, urtean 3.750 euro jasoko ditu 2019. urtera arte. Zehazki, 3.727 euro jasoko ditu 2018an, 3.779 euro 2019an, eta 3.832 euro 2019rako. Horrez gainera, udal instalazioak doan erabili ahal izango ditu orkestrak.

Modu horretan, Zere Settek laguntza izango du lokalaren alokairua, musika tresnen eta beste materialen mantentzeak ordaintzeko, eta urteko beste hainbat gasturi aurre egiteko. Jesus Zaballos alkateak eta Jose Manuel Crespo orkestrako presidenteak izenpetu dute ituna. Zaballosen esanetan, hiru urterako hitzarmenak baliogarria izango zaie musikariei. "Horrela ez dute itxaron beharko aurrekontuak onartu arte. Ohore bat da ituna sinatzea. Gainera, kontuan hartu behar da ez direla profesionalak, lana eta beste eginkizunen ondoren eginten dituzte entseguak".

Trukean, Zero Settek Lasarteko ekitaldietan parte hartuko du, hala nola, sanjoanetan eta Kirolak Lasarte-Oria diaporaman, baita San Pedro Jaietako omenaldian eta Semblante Andaluzen Rozioan. Herritik kanpo hainbat ekitalditan ere parte hartuko du: Pasai Antxoko musika astean, Azkaineko akordeoi festibalean eta Andoaingo musika ekitaldian. "Lasarte-Oriaren izena eramango dute joaten diren toki guztietara", esan du Zaballosek.

Zero Setteko presidente Crespo pozik agertu da. “Ilusioz sinatu dugu hitzarmen hau. Guretzako erantzukizun handia da Lasarte-Oriaren izena eramatea jotzen dugun ekitaldi guztietara”.