Hiru urterako hitzarmena sinatu du Semblante Andaluzek

Txintxarri Aldizkaria 2017ko abe. 15a, 10:20

Herriko beste hainbat elkarteren antzera, hiru urterako hitzarmena sinatu dute Semblante Andaluzek eta udalak

Lasarte-Orian antolatzen diren ekintzetan "inplikazio handiena" duen elkartea da Semblante Andaluz. Horrela jakinarazi du behintzat Jesus Zaballos alkateak. Udalarekin hitzartutako ekintzak egiteaz gain, Lasarte-Oriako hainbat elkarteren ekintzetan parte hartzen du Semblantek. 

Elkarteak urte luzeetan "konpromiso handia" erakutsi duela azaldu du Jesus Zaballos alkateak, eta egiten dituzten ekintzak aurrera eramaten laguntzeko, hiru urterako hitzarmena sinatu berri du udalarekin.

2017. urtean 13.727 euroko diru laguntza jaso du elkarteak. Horietatik 10.000 euro 25. urteurrenera zuzenduak, eta gainerako 3.727 euroak, urteko ekintzetarako. 
2018rako, berriz, 3.779 euroko dirulaguntza izango dute, eta 2019an 3.832 euro jasoko dituzte udaletik.

Pozik agertu da Jose Perez, Semblante Andaluz elkarteko lehendakaria: "Lasarte-Oriako Udalak beti babestu gaitu, eta emandako laguntzarik gabe gure ekintzak aurrera eramatea ezinezkoa izango litzateke".

Jesus Zaballosek azaldu du elkarteei egonkortasuna emateko sinatzen ari direla hiru urterako hitzarmenak.