Hiru estilo, hamaika emozio
Bandoneoia, trikitixa eta akordeoia. Musika egiteko hiru estilo, hamaika emozio sortzen dituztenak. Hiru instrumentu horiek izan dira XIV. Akordeoi Jaialdiko protagonista nagusiak. Enrique Telleriak, Kepa Junkera eta Sorginak eta Alain Musichini & Jazz Quartet taldeak jarri dituzte hauspoak martxan, Manuel Lekuona kultur etxean

Gaurko hiru artista gonbidatuek Hegoak ebaki banizkio kanta mitikoarekin itxi dute gaurko Akordeoi Jaialdia, Zero Sette taldeak antolatu duen hamalaugarrena. Amaiera biribila, ederra. Abestiaren titularrarekin jolastuz, gaurkoan argi geratu da musikari ezin zaizkiola hegoak ebaki. Unibertsala da, munduko toki eta leku guztiena, zaindu eta etengabe berritu beharreko ondarea. Altxor-kutxak dira notak, abestiak, partiturak...musika. Gure herriko kultur etxean gaur ireki dute bat, hainbat artisten artean: Enrique Telleria, Kepa Junkera eta Sorginak (eta Luken: azalpena, aurrerago) eta Alain Musichini & Jazz Quartet. 

Musikak hegoak ditu, eta hegan egiten du. Mundu honetatik kanpora iristeko adina indar badu. Xabier Gonzalez Ubegunek (Zero Setteko zuzendari ohia, aurten zendu dena), dagoen tokian dagoela, gustura entzun du gaurko emanaldia. Harekin ere gogoratu dira kide ohiak, musikariak, eta kultur etxeko ikusle guztiak. Gonzalezen ahaide gertukoenak oholtza gainera igo, eta lore-sorta bana jaso dute. Hiru gonbidatuek ere oroigarri bana jaso dute: olatu formako eskultura bat, akordeoia irudikatzen duena. Willy Berasaluze artistak egin ditu. Lourdes Acevedo alkateordeak, Maite Iglesias Kultura zinegotziak eta Andima Egaña Zero Setteko kideak eman dizkiete oroigarriak musikariei.

Hiru estilo, hamaika emozio

Kronikaren aurreneko bi paragrafoetan Akordeoi Jaialdiaren amaiera kontatu izanak indarra ken diezaiokeela pentsatu dezakete irakurleek. Baliteke. Baina, horrela baldin bada, ez da jaialdiaren hasierak ez duelako emoziorik izan, kazetariak ikusi duena deskribatzeko hitz egokiak topatu ez dituelako baizik. Emanaldia bukatu denean, erlojua begiratu, eta 21:30ak pasatxo ziren. Batek baino gehiagok jarri du harridura aurpegia: denbora azkar pasa da oso, arratsaldeko zazpietatik bi ordu t'erdi, eta ia konturatu ez. 

Ia konturatu gabe sakatzen ditu bandoneoiaren botoiak Enrique Telleria uruguaitarrak. Magia egiten du instrumentu horrekin. Kultur etxeko ikusleen begi eta belarriak sorgindu ditu, hainbat doinu ekarriz oholtzara. Tartean, tangoak edota Ennio Morriconeren Cinema Paradiso piezaren zati bat. 

Kepa Junkera eta Sorginak...eta Luken

Sormena eta tradizioa pertza barrura bota, eta sorginkeria eta edabe ikusgarriak sortu dituzte gaurkoan Kepa Junkera eta Sorginak taldeak. Maletak izeneko azken lana aurkeztu dute Lasarte-Orian, eta beste hainbat pieza jo ere bai.

Etenalditxo bat aprobetxatu, eta ikusleen artean begira hasi da Kepa Junkera. Begiztatu du gaztetxo bat, eta galdetu dio instrumenturen bat jotzen ote duen. Baietz: flauta. Ariketa bera egin du segundo batzuk geroago. Luken izeneko mutiko bati galdera bera egin dio, baina desberdina zen musika instrumentua. Panderoa. Junkerak oholtzara igotzera gonbidatu du gaztetxoa. Elkar aurkeztu, eta anekdota horretan geratuko zela zirudienean, pandero bat eman eta jotzeko eskatu dio Lukeni. Adin txikikoa izan arren, oso trebea dela erakutsi du Lukenek, eta elkarrekin inprobisatu dute Junkerak eta berak. "Garaiotan are beharrezkoagoa da kultura: musika gehiago egin behar dugu", adierazi du artista bilbotarrak. Beharbada gaur jaio da proiektu berri bat: Kepa Junkera eta Sorginak...eta Luken. 

Jazz doinuak

Alain Musichini & Jazz Quartet taldea izan da oholtzara igotzen azkena. Euren izenak ongi dioen bezala, jazz doinuak oholtzaratu dituzte. Hemeretzi urterekin Munduko Akordeoi txapelketa irabazi zuen Musichinik, eta argi geratu da zergatik. Kosta egiten zen begiekin haren hatzen erritmoa jarraitzea. Frantsesez hitz egin du artista zailduak, eta askok esaten zuena ulertu ez badute ere, egin duen musika berdin-berdin iritsi zaie, lengoaia unibertsala baita musika. Ondarea. Altxorra.

Amaierari buruz hitz egiteko paragrafoa izan behar zuen honek, baina gogoratu, honezkero kontatu dugula aurtengo Akordeoi Jaialdia nola bukatu den. Ez dugu hitz eta lerro bakoitza errepikatuko berriro, baina esaldi bat berriro idazteko lizentziatxoa hartuko dugu, merezi du eta. Musikari ezin zaizkio hegoak ebaki: unibertsala da, munduko toki eta leku guztietakoa, guztiena. Lasarte-Oriarena ere bai.

Argazki galeria

Bideoteka

ARGAZKIAK
BIDEOAK
blog comments powered by Disqus
OHARRAK
  • 62ko kintoen afaria
    Hurrengo larunbatean, hilaren 25ean, Araeta jatetxean 1962 urtean jaiotako kinto afaria egingo dugu. Ordua 9:30tan izango da, baina denok alkarrekin joan gaitezen 20:00etan Patrizio tabernan, 20:30ean Gure Etxean edo 21:00etan Jalgin gelditu gara. 50 euroko ingresoa egiteko 3035 0036 12 0361135678 kontu zenbakia erabili.
  • 66 urteko kintoen afaria
    Azaroak 25ean, El jardin jatetxean 66 urteko kintoen afaria egingo da. Menua 36 euro dira, musika barne. Izena emateko 681 160 548 (Maluixa) telefono zenbakira mezu bat bidali behar da, azaroaren 22a baino lehen.
  • Biyak Baten Gabonetako loteria
    Biyak Bat elkarteak bere bazkideentzat Gabonetako loteria du. Zenbakia 71.580 da. Nahi duenak elkarteko bulegoan izango du eskuragarri 10 eurotan. Azaroaren 30a baino lehen jaso behar da.
  • Biyak Bat Lodosara
    Biyak Bat elkarteko kideak Lodosara doaz, azaroaren 23an. Goizeko 8:00etan aterako dira Lasarte-Oriatik. Pikillo piperren kontserba-enpresa eta ardo bodega bat bisitatuko dituzte. Bazkideek 35 euro ordaindu behar dituzte izena ematerakoan; bazkide ez direnek, aldiz, 40 euro.
  • Txakurra galdu da
    Azaroak 2an, kiroldegi inguruan, txakurra galdu zen. Jai du izena, eta hamar hilabete ditu. Lepoko marroia darama, eta txipa ere badu. Inork ikusi edo aurkituko balu, gurekin harremanetan jartzea eskertuko genuke, ondorengo zenbakian: 688697119. Mila esker.
ZORION AGURRAK
ANARTZ
Kaixo maitia. Zorionak zure 5. urtebetetzean. Asko maite zaitugulako muxu asko bihurritxo. zorionak!!!
AZKEN PDFa
1400 ( Azaroak 17 )
GUARDIAKO FARMAZIAK
De Miguel ( Astelehena)
Kale Nagusia 32
Tel: 943 371151
ASTEA
    • Lasa ( Asteartea )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    • Gil ( Asteazkena )
      Kale Nagusia 24
      943 361529
    • Acha-Orbea ( Osteguna )
      Hipodromo etorbidea 6
      943 363549
    • Urbistondo ( Ostirala )
      San Frantzisko 1
      943 366567
    • Lasa ( Larunbata )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    • Lasa ( Igandea )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    txintxarri@txintxarri.eus
    txintxarri@ttakun.eus
    Geltoki kalea 4, Lasarte-Oria 20160 Gipuzkoa
    943 37 14 48