Hiru estilo, hamaika emozio

IƱigo Gonzalez Sarobe 2017ko aza. 5a, 00:14

Bandoneoia, trikitixa eta akordeoia. Musika egiteko hiru estilo, hamaika emozio sortzen dituztenak. Hiru instrumentu horiek izan dira XIV. Akordeoi Jaialdiko protagonista nagusiak. Enrique Telleriak, Kepa Junkera eta Sorginak eta Alain Musichini & Jazz Quartet taldeak jarri dituzte hauspoak martxan, Manuel Lekuona kultur etxean

Gaurko hiru artista gonbidatuek Hegoak ebaki banizkio kanta mitikoarekin itxi dute gaurko Akordeoi Jaialdia, Zero Sette taldeak antolatu duen hamalaugarrena. Amaiera biribila, ederra. Abestiaren titularrarekin jolastuz, gaurkoan argi geratu da musikari ezin zaizkiola hegoak ebaki. Unibertsala da, munduko toki eta leku guztiena, zaindu eta etengabe berritu beharreko ondarea. Altxor-kutxak dira notak, abestiak, partiturak...musika. Gure herriko kultur etxean gaur ireki dute bat, hainbat artisten artean: Enrique Telleria, Kepa Junkera eta Sorginak (eta Luken: azalpena, aurrerago) eta Alain Musichini & Jazz Quartet. 

Musikak hegoak ditu, eta hegan egiten du. Mundu honetatik kanpora iristeko adina indar badu. Xabier Gonzalez Ubegunek (Zero Setteko zuzendari ohia, aurten zendu dena), dagoen tokian dagoela, gustura entzun du gaurko emanaldia. Harekin ere gogoratu dira kide ohiak, musikariak, eta kultur etxeko ikusle guztiak. Gonzalezen ahaide gertukoenak oholtza gainera igo, eta lore-sorta bana jaso dute. Hiru gonbidatuek ere oroigarri bana jaso dute: olatu formako eskultura bat, akordeoia irudikatzen duena. Willy Berasaluze artistak egin ditu. Lourdes Acevedo alkateordeak, Maite Iglesias Kultura zinegotziak eta Andima Egaña Zero Setteko kideak eman dizkiete oroigarriak musikariei.

Hiru estilo, hamaika emozio

Kronikaren aurreneko bi paragrafoetan Akordeoi Jaialdiaren amaiera kontatu izanak indarra ken diezaiokeela pentsatu dezakete irakurleek. Baliteke. Baina, horrela baldin bada, ez da jaialdiaren hasierak ez duelako emoziorik izan, kazetariak ikusi duena deskribatzeko hitz egokiak topatu ez dituelako baizik. Emanaldia bukatu denean, erlojua begiratu, eta 21:30ak pasatxo ziren. Batek baino gehiagok jarri du harridura aurpegia: denbora azkar pasa da oso, arratsaldeko zazpietatik bi ordu t'erdi, eta ia konturatu ez. 

Ia konturatu gabe sakatzen ditu bandoneoiaren botoiak Enrique Telleria uruguaitarrak. Magia egiten du instrumentu horrekin. Kultur etxeko ikusleen begi eta belarriak sorgindu ditu, hainbat doinu ekarriz oholtzara. Tartean, tangoak edota Ennio Morriconeren Cinema Paradiso piezaren zati bat. 

Kepa Junkera eta Sorginak...eta Luken

Sormena eta tradizioa pertza barrura bota, eta sorginkeria eta edabe ikusgarriak sortu dituzte gaurkoan Kepa Junkera eta Sorginak taldeak. Maletak izeneko azken lana aurkeztu dute Lasarte-Orian, eta beste hainbat pieza jo ere bai.

Etenalditxo bat aprobetxatu, eta ikusleen artean begira hasi da Kepa Junkera. Begiztatu du gaztetxo bat, eta galdetu dio instrumenturen bat jotzen ote duen. Baietz: flauta. Ariketa bera egin du segundo batzuk geroago. Luken izeneko mutiko bati galdera bera egin dio, baina desberdina zen musika instrumentua. Panderoa. Junkerak oholtzara igotzera gonbidatu du gaztetxoa. Elkar aurkeztu, eta anekdota horretan geratuko zela zirudienean, pandero bat eman eta jotzeko eskatu dio Lukeni. Adin txikikoa izan arren, oso trebea dela erakutsi du Lukenek, eta elkarrekin inprobisatu dute Junkerak eta berak. "Garaiotan are beharrezkoagoa da kultura: musika gehiago egin behar dugu", adierazi du artista bilbotarrak. Beharbada gaur jaio da proiektu berri bat: Kepa Junkera eta Sorginak...eta Luken. 

Jazz doinuak

Alain Musichini & Jazz Quartet taldea izan da oholtzara igotzen azkena. Euren izenak ongi dioen bezala, jazz doinuak oholtzaratu dituzte. Hemeretzi urterekin Munduko Akordeoi txapelketa irabazi zuen Musichinik, eta argi geratu da zergatik. Kosta egiten zen begiekin haren hatzen erritmoa jarraitzea. Frantsesez hitz egin du artista zailduak, eta askok esaten zuena ulertu ez badute ere, egin duen musika berdin-berdin iritsi zaie, lengoaia unibertsala baita musika. Ondarea. Altxorra.

Amaierari buruz hitz egiteko paragrafoa izan behar zuen honek, baina gogoratu, honezkero kontatu dugula aurtengo Akordeoi Jaialdia nola bukatu den. Ez dugu hitz eta lerro bakoitza errepikatuko berriro, baina esaldi bat berriro idazteko lizentziatxoa hartuko dugu, merezi du eta. Musikari ezin zaizkio hegoak ebaki: unibertsala da, munduko toki eta leku guztietakoa, guztiena. Lasarte-Oriarena ere bai.

Argazki galeria

Bideoteka