Michelingo tenis pista zapaldu beharrik ez dago konturatzeko zer nolako jai-giroa dagoen bertan. Ez da gutxiagorako: Semblante Andaluz elkartea 25. urteurrena ari da ospatzen. Gaurtik hasi eta igande gauera bitarte, hamaika ekintza egingo dituzte zilarrezko ezteiei merezitako ongi-etorria egiteko.
17:00etan ireki dituzte Michelingo pistetan egin duten festa-barruti inprobisatuaren ateak. 'Partidu-zerrendan' tenislari izenik ez da agertzen, baina bai hainbat koru eta dantza talderenak. Lehenengoak, nola ez, etxekoak: Semblante Andaluzeko talde eta koruek luzaroan entsegatutako abesti eta koreografiak oholtzaratu dituzte, 18:00etan hasita. Ordu eta erdiz nekatu gabe taula gainean aritu ostean, Xumela abesbatzako lagunek hartu dute lekukoa, eta euren errepertorioko kantu onenak eskaini dituzte, ohi bezala.
Iluntzean, Triana, Aljarafe eta Concha Rociera taldeen emanaldi bateratuarekin ederki gozatu dute ikusleek. Hauez gain, Lasarte-Oriaren inguruko herrietako andaluziar elkarteek ere jarri dute euren hondar aletxoa. Andoaingo Zuena elkartearen izenean, esaterako, Lourdes Motiñoren taldeak aritu dira. Eta, ostiraleko emanaldiekin bukatzeko, Raices del Sur talde valentziarrak emanaldi berezia eskaini du.
Asteburu luzea aurretik
Ostiraleko ospakizunak biziak izan badira, larunbat eta igandekoak zer esanik ez. Ondorio hori atera daiteke egitaraua begiratze hutsarekin: 12:00etatik 22:00etara arte etenik gabe ariko dira bihar, eta baita etzi ere.
Biharko ekintza azpimarragarrienen artean, hauek daude: arratsaldeko seietan, Arrasateko Al-Andalus elkartetik etorritako Alegria de la Sierra eta Lasarte-Oriako Amigos del Sur taldeek emanaldi bateratua eskainiko dute. 20:30ean berriz, Amaia Gonzalez Caballero dantzariaren eskolaren taldeen txanda izango da, eta 22:00etan, Raices del Sur taldeak itxiko du gaua.
Etzi, 12:00etan, familia argazki erraldoia atera asmo dute Semblante Andaluzeko kideek. Ondoren, 14:30ean, 25. urteurreneko bazkaria egingo dute. Arratsaldean berriz, 20:00etan, Sevillatik etorritako Los Amigos de Gines taldearekin gozatzeko aukera edukiko dute herritarrek. Ospakizun asteburua dantzaldi herrikoiarekin bukatuko dute.