Bere jardueraren berri emateko asmoz, eta "deszentralizazioaren alde" apustu eginez, Bulego Ibiltaria ekimena jarri du martxan Udalak. Igande honetan Okendo plazan egon dira Jesus Zaballos alkatea eta hainbat zinegotzi (PSE-EEko kideak denak); karpara gerturatu diren herritarrekin hitz egin dute, entzun dituzte euren iradokizunak, galderak eta kexak, eta martxan dauden hainbat proiekturen berri eman diete.
Egitasmoei buruz jarduteaz gain, material munizipala banatu dute, eta hainbat irudi proiektatu dituzte karpan jarritako telebistan. Bien bitartean, gaztetxoek primeran pasa dute bulego inprobisatuaren parean jarri dituzten puzgarrietan saltoka.
Udalak jakitera eman duenez, herriko zortzi auzotan barrena ibiliko da Bulego Ibiltaria.