Herritarrak eztarriz sano Santa Ageda bezperan

Txintxarri Aldizkaria 2015ko ots. 4a, 21:03
Santa Ageda bezpera izanda, ohiturari eutsiz herriko hainbat talde atera dira kantuan Lasarte-Oriako kaleetatik.

Lehenengoak ikastetxeetako haurrak izan dira. Bi eskoletako ikasleak aritu dira koplaka makilaren laguntzarekin. 

Sasoetakoak Zumaburuko eraikinera jaitsi dira ere txikienei kantak eskaintzera. Landaberriko ikasleek berriz, anfiteatroan astindu dituzte makilak, eguerdian. Arratsaldean berriz, LH 6 mailako ikasle talde bat Urnieta bidera alaitzera joan da, Unai Muñoa eta zenbait irakasleren laguntzarekin. 

Herriko talde ezberdinen txanda izan da arratsaldean. Zabaletako bizilagunak inguruko baserrietara abiatu dira 18:00ak aldera. Erketzekoak, Zumaburuko eskolatik atera dira kantari eta Earra! bertso eskolako kideak Xumelakoekin batera erdigunetik ibili dira, Brigitarren komentura joan aurretik. Azkenik, Amalur trikitixa eta pandero eskolakoak ere kalez kale ibili dira, trikitixa eta panderoez lagunduta abestiak kantatu eta herria alaituz. 

Egunak utzi dituen hainbat irudi bildu ditu Txintxarrik argazki galeria batean.

Argazkiez gain, bideoteka bat ere prestatu du Txintxarrik.