Herriko elkarteen urtekaria publikatu dute lehen aldiz

Txintxarri Aldizkaria 2017ko api. 6a, 13:10

Lasarte-Oria Aldizkariak herriko elkarte eta sozietateak biltzen dituen urtekaria argitaratu du

Lehenengo aldiz, Lasarte-Oriako elkarte ugari biltzen dituen urtekaria argitaratu dute. Alkate Jesus Zaballosek azpimarratu duenez, "aberastasun handia du herriak mota guztietako elkarteei dagokienez". Horregatik, argudiatu dute "ideia ona" dela horiek biltzen dituen dokumentua plazaratzea.

Lasarte-Oria Aldizkariko kideak arduratu dira informazioa biltzeaz eta ordenatzeaz. 40 elkarte ingururen informazioa, historia eta ekintzak jaso dituzte lehenengo ale honetan.

Azaldu dutenez, "badira agertzen ez diren elkarteak", eta espero dute "datorren urteko urtekarian haiek ere azaltzea".

Etorkizuneko ale horiek egitea "erronka handia" izango dela adierazi dute Lasarte-Oria Aldizkariko kideek. Izan ere, "behin historia eta ibilbidea bilduta, beste motako informazioa jaso beharko" dute.

Dena den, nabarmendu dute, "lanarekin eta gaietan sakonduz" posible dela urtekari "are osoago" bat kaleratzea. Datozen astetan banatuko dutela jakinarazi dute.