Herrian girotutako nobela

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mar. 3a, 11:26
Lasarte-Orian girotutako nobela argitaratu berri du Jose Antonio Rubio Leongo idazleak; urteak daramatza gidoigile moduan komikiak idazten. Denbora askoz bizi izan zen Lasarte-Orian eta oroitzapen ugari ditu herriaz, Sasoeta auzoaz batez ere

'Los renglones espirales', izenburu hori du Lasarte-Orian girotutako Jose Antonio Rubioren nobelak. 

Leonen jaioa da lanaren egilea, baina  hamasei urte igaro zituen, gaztetan, gurean; "zortzi urterekin iritsi nintzen Lasarte-Oriara eta 24 urtera arte bertan bizi izan nintzen". 
Urte horietan guztietan Goi kalen bizi izan bazen ere, Sasoeta auzoan denbora ugari pasa zuela  aitortzen du Rubiok; "oso oroitzapen politak gordetzen ditut Lasarte-Oriaz, eta bereziki Sasoetan igarotako urte haietaz".

Idazle profesionala ez bada ere, urte ugari daramatza komikien munduan gidoigile gisa lanean. Orain arte argitaratutako lanen gehiengoa komikiak izan badira ere, azken lanak nobelak eta kontakizunak izan dira.

'Los renglones espirales' nobela idazten hasi zenean, lehenengo kapitulua Lasarte-Orian girotzea erabaki zuen "beti errazagoa delako ezagutzen duzun leku bati buruz  idaztea". Horrela adierazi du Jose Antonio Rubiok;   oso ondo oriotzen ditut Sasoetan eta bertako ikastetxean bizitako urteak, urte haien oso oroitzapen onak gordetzen ditut".

Istorio guztia fikziozkoa bada ere, Sasoetako bizilagunek ezagun izan ditzakete nobelan agertzen diren hainbat detaile eta keinu.

Liburuaren kapitulu bakoitza kontakizun bat da eta hasiera batean, horien artean loturarik egon ezin daitekela pentsatu badaiteke ere, irakurtzen joan ahala, istorioari zentzua emango dioten loturak nabarmedu ahal izango ditu irakurleak.

Heriotzaz
Nobelako protagonistek, uste baino gertuago izango dute heriotza, eta zaila izango zaie haren atzaparretatik ihes egitea.  Irakurleari heriotzara gerturatzeko gonbita egiten dio Rubiok argitaratutako 'Los renglones espirales' nobelaren bitartez.