Herrian azken 60 urteetan jazotako giza eskubideen urraketak txosten batean jaso dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urr. 6a, 18:48
Argituz taldeak herriko historia hurbilean arakatu du, udaleko Bizikidetza Mahaiak eskatuta. Txostena aurkeztu zuten ostegunean. Eskuragarri dago udalaren web orrian.

Motibazio politikoak eragindako indarkeria egoera krudelak egon dira Lasarte-Orian azken 60 urteetan. Testuinguru politikoa aldatu bada ere hamarkadak joan eta etorri, kasu guztietan ondorio bera izan dute: sufrimendua eta min sakona. Herrian gertatutako giza eskubideen urraketa oro dokumentatzeko saiakera egin du Argituz Giza Eskubideen Elkarteak, Lasarte-Oriako Udaleko Bizikidetza Mahaiak eskatuta. Udal ordezkaritza duten talde guztiek, PPk izan ezik, osatzen dute mahai hori. Ostegunean aurkeztu zuten txostena Manuel Lekuona kultur etxean.

Iraganeko egoera traumatikoak gainditzeko tresna izan nahi du lanak. Baina egileek azaldu duten bezala, asmoa ez da “egia bakarra” kontatzea, halakorik ez baitago. “Ez dugu historia bat osatu nahi, memoria partekatu bat baizik”. Gainera, onartu dute hainbat gertaera kanpoan geratu izan daitezkeela, orain mende erdi baino gehiagoko pasarteak dokumentatzearen zailtasuna dela eta. Horregatik, ekarpenak jasotzeko gogotsu daude. “Txostena bizirik dagoen dokumentu bat da. Ez dago itxita”, azaldu dute Argituzeko kideek aurkezpenean.

Elkarrizketen bidez jasotzen du dokumentuak informazio asko. Hamar emakume eta hamahiru gizonen testigantzak jaso dituzte. 1986. urtetik Lasarte-Oriak izan dituen hiru alkateak daude bertan, egungo PPko zinegotzia, Alejandro Saenz Muriel, eta baita EAJko, PSE-EEko eta Herri Batasuneko kide izandako beste hiru ere, denak zinegotziak izandakoak. Gainerako elkarrizketatuak gizarte zibileko hainbat esparrutakoak dira. Tartean badaude hainbat biktima, gertutik sufrimendua jasan dutenak, eta Michelin enpresako langileak.

Eztabaida handia izan da gizartean biktimak sailkatzerako orduan. Txostenaren egileek argitu dutenez, haien helburua ez da izan biktimak berdintzea. Hori bai, nabarmendu dute biktimak diren heinean, guztiak berdinak direla dagozkien eskubideei dagokienez, printzipio unibertsal bat baita: giza eskubideen urraketa berberei egia, justizia, aitorpena eta erreparazioa jasotzeko eskubide berbera dagokie.

Giza eskubideen urraketak sailkatzeko ondoko irizpideak jarraitu dituzte: batetik, hildakoak zenbatu dituzte. Guztira bederatzi pertsonari urratu zaie bizitzeko eskubidea: lehena Begoña Urroz da, 1960. urtean. Txostena 1956an hasten da urraketak jasotzen, urte horretan ezarri baitzuten lehen salbuespen egoera. Motibazio politikoko azken hilketa Froilan Elesperena izan zen; 2001. urtean hil zuen ETAk. Bederatzi horietatik ETAk hil zituen zazpi, segurtasun indarrek bat, eta DRILek beste bat.

Ikertzen saiatu dira zenbatzen motibazio politikoagatik atentatuak jasan dituztenak, baina txostenean onartu dute ezinezkoa dela jakitea zenbat izan diren ofizialki. ETA eta ETApm taldeek eginiko atentatuetan zauritutakoen zerrenda kaleratu dute. Datu ofizialen arabera, Lasarte-Orian zauritutakoak, edo bertan jaio edo bizi diren zauritutako herritarrak hamabi dira. Kaleko ekintzetan zauritutakoen bost kasu aurkitu dituzte. Eta segurtasun indarrek tiroz larri zauritutako beste bederatzi. Zauritutako askok ondorio larriak sufritu dituzte urteetan zehar, eta beste askok oraindik sufritzen dituzte erasoaren arrastoak.

Torturen kasuan gauza berbera gertatzen da. Zehatz mehatz ez dago jakiterik zenbat herritar torturatu dituzten, salaketa jarria dutenen kopurua dutelako oinarri bakarra. Gainera, ez dute denborarik izan beste kasu asko egiaztatzeko. 51 tortura kasu zenbatu dituzte, baina onartzen dute kopurua handiagoa izan daitekeela, datuak falta zaizkielako. Edonola ere, nabarmendu dute torturatuen sufrikarioa bikoitza izan dela; batetik, tortura bera, eta, bestetik, erakundeen errekonozimendu falta eta ikerketa ofizialik eza.

Beste urraketa mota batzuk ere jaso dituzte, hala nola mehatxuak, estorsioa, kale borroka eta beste.

Elkarrizketatu duten pertsonen erantzunetan oinarrituta, herrian sei gertakari azpimarragarri bereizi dituzte ikertzaileek; Begoña Urruzen hilketa 1960an; Michelingo ehun eguneko greba 1976an; Mikel Kastresanaren hilketa 1988an; Miguel Angel Blancoren hiketa 1997an; Froilan Elesperen hilketa 2001ean; Juancar Balerdi presoa bisitatzera joandako senideen heriotza, istripuan, 2003an.

ETAk 2011n utzi zituen armak, eta gatazkaren ondorio asko konpontzeko badaude ere, hainbat herritan egiten ari dira aurrerapausoak bizikidetzaren alorrean. Lasarte-Oria da adibideetako bat. Izan ere, zauriak orbantzeko bide bakarra da atzera begiratzea eta gertatu zena kontatzen saiatzea. Argituz elkartekoek ohartarazi dute asko ez direla bat etorriko kontaketarekin, baina gutxieneko batzuk adostu beharra daudela: sufritu duenari errekonozimendua egitea. Ez ahaztea.