Hauspoaren ahotsaz eta erritmoaz gozatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 9a, 12:00
XV. Akordeoi jaialdia antolatu du Zero Sette akordeoi orkestrak. Iñaki Dieguez eta Iker Telleria bikoteak eta Sabadellgo Akordeoi orkestrak sortutako azken lanak aurkeztuko dituzte bihar, larunbatean, Manuel Lekuona kultur etxeko oholtzan

Akordeoien doinuek Manuel Lekuonako aretoa beteko dute. Hamabost urte dira Zero Sette akordeoi orkestrak lehenengoz akordeoi jaialdia antolatu zuena. Urte horietan guztietan akordeoi bakarlari, bikote, orkestra eta  talde askoren trebetasunaz gozatu ahal izan da. Gainera, akordeoia eta bere ahaideak, hala nola, trikitixa edo bandoneoia,  musika klasikoa, jazza, euskal doinuak eta musika garaikidea ere jotzeko erabili daitezkeela jakin dute Lasarte-Oriako herritarrek.

Bihar, larunbata, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Akordeoi Jaialdiko 15. edizioa izango da Manuel Lekuonan. Iñaki Dieguez eta Iker Telleria eta Sabadellgo akordeoi orkestra izango dira oholtzan. Sarrerak 5,50 euroko prezioan daude.

Iñaki Dieguez eta Iker Telleria  ibilbide luzeko musikariak dira.  Dieguez akordeoi jotzaileak askotariko estiloak landu ditu bere ibilbidean zehar. Bakarlari moduan hainbat kontzertu eskaini ditu nazioartean, beste talde edo bakarlarien diskoetan parte hartu du, baita filme batzuen soinu-bandan ere. Cirque du Soleilen Alegría ikuskizunean ere musikari lanetan ibilia da.

Telleria perkusiolariak ere orkestra, bakarlari eta talde askorekin egin du lan. Hainbat ikuskizunetan elkarrekin lan egin ostean, bat egin eta haien ikuskizun propioa sortu dute. Horretan akordeoia eta marinbaren doinuak uztartu dituzte. Manuel Lekuonara hurbiltzen diren herritarrek musika herrikoi, klasiko eta garaikidearen melodiak entzungo dituzte. Haiekin batera, Oinkari dantza taldeko dantzariak izango dira oholtzan.

Bestetik, Sabadellgo Akordeoi orkestra ere izango da jaialdian. 1991. urtean sortu zuten. Akordeoia ezagutzera ematea du helburu. Horretarako, doinu klasikoak ditu oinarri, instrumentuaren sustraiak ahaztu gabe. Bere errepertorioan obra klasikoak, herrikoiak eta garaikideak daude, baina orkestrak Parisetik Buenos Airesera azken lana aurkeztuko du Lasarte-Orian.