Haurtzaroa aberritzat zuen Antontxori agur

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mai. 18a, 19:00
Antonio Mercero zinemagile lasarteoriatarra maiatzaren 12an zendu zen, 82 urte zituela. 'Verano azul' eta 'Farmacia de guardia' serieek egin dute ezaguna Espainia osoan. 2006. urtean 'Baserri galduak' dokumentala estreinatu zuen Lasarte-Orian

Alzheimerraren aurkako borroka luze baten ondoren, Lasarte-Oriak emandako zinemagile ospetsuenetarikoa zendu da. Antontxo, bertako lagunek ezagutzen zuten bezala, 1936an jaio zen, eta zinemagintzan bizitza luze eta emankorra izan du. Batez ere 1970eko hamarkadatik aurrera ekoitzitako ikus-entzunezkoek eman diote sona. Horiekin hainbat sari eskuratu ditu, Emmy entzutetsua, besteak beste. 2006. urtetik ez du agerpen publikorik egin, gaixo zegoen eta. Urte horretan, Lasarte-Oriako ondare kulturala mantendu nahian, Baserri galduak dokumentala grabatu eta estreinatu zuen.

Kulturaren munduak doluminak agertu ditu. Baita Lasarte-Oriako Udalak ere. Haren izena eman diote udaletxe ondoko plaza eta erakusketa aretoari. Bertan, udalak jakitera eman duenez, Antonio Merceroren lanen museo birtuala izango da ikusgai.

TXINTXARRI-k 1994. urtean zinemagileari elkarrizketa egin zion. Haurtzaroa aberritzat duen pertsona orekatua izenburupean, bere bizitza pertsonaleko hainbat kontu azaldu zituen.
Bertan bere burua biluztu zuen herriko zinemagileak. "Antontxo benetakoa, barruko Antxon litzateke. Antonio Mercero, berriz, pertsona publikoa da," esan zuen.

Gaztetan bere parodiekin jendea barrez lehertzen omen zen. Hori dela eta, zinemagilea izatea erabaki zuen. "Aktoretzan ari nintekeen, baina istorioak kontatzea interesgarriagoa iruditu zitzaidan". 
Lasarte-Oriari lotua zegoen. Izan ere, haurtzaroko oroitzapenek garrantzia handia zuten beretzat. "Hemen dago nigan gehien baloratzen dudanaren zati garrantzitsu bat. Horregatik hona itzultzea beti gustatzen zait".

Oroitzapen horiek bere lanerako baliagarri izan ziren. "Nik haurtzaroa gizaki ororen aberri modura ulertzen dut", nabarmendu zuen.

Honez gain, bere amets, ilusio eta helburuak beteak zituela adierazi zuen. "Zoriontsua naiz kamera baten atzean. Horregatik sentitzen dut nire ilusioa bete dela. Seguruago sentitzen naiz nire lanean bizitza errealaren aurrean baino". 

Ibilbidea eta sariak

Zinema eta dokumentalak
• La oveja negra (1960)
• Trotín Troteras (1962)
• Lección de arte (1962)
• Se necesita chico (1963)
• Tajamar (1970)
• Elegía por un circo (1970)
• Ritmos postales (1970)
• Ritmos telegráficos (1970)
• Hábitos de compra (1972)
• Los pajaritos (1974)
• Don Juan (1974)
• Manchas de sangre en un coche nuevo (1975)
• Las delicias de los verdes años (1976)
• La Gioconda está triste (1977)
• La Guerra de papá (1977)
• Tobi (1978)
• Picasso insólito (1982)
• La próxima estación (1982)
• Buenas noches, señor monstruo (1982)
• Esperame en el cielo (1988)
• El tesoro (1988)
• Don Juan, mi querido fantasma (1990)
• La hora de los valientes (1998)
• Planta 4ª (2003)
• Baserri galdua (2006)
•¿Y tú quién eres? (2007)

Telebista

• Crónicas de un pueblo (1971-1973)
• La cabina (1972)
• Este señor de negro (1975-1976)
• La noche del licenciado (1979)
• Verano azul (1981-1982)
• Turno de oficio (1986-1987)
• Farmacia de guardia (1991-1995)
• La habitación blanca (2000)
• Manolito Gafotas (2004)

Film eta telesaien sariak

• Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra (1962, Lección de Arte)
• Ondas Saria (1972, 1973 eta 1992)
• Emmy Saria (1973, La cabina)
• Moskuko film jaialdian epaileen sari berezia (1999, La hora de los valientes)
• Tolosako Cinespaña jaialdiko ikusleen saria (1999, La hora de los valientes)
• Miamiko Film Hispanoen jaialdiko zuzendari onena saria (2000, La hora de los valientes)
• Montrealeko Film jaialdian zuzendari onena saria eta ikuslearen saria (2003, Planta 4ª)
• Hamburgoko Film jaialdiko saria (2003, Planta 4ª)
• Giffoni Film jaialdiko Urrezko Gryphon saria eta Michel saria (2003, Planta 4ª)
• Malagako Film jaialdiko aipamen berezia (2003, Planta 4ª)

Bestelako sariak

• Urrezko danborra (1996)
• Arte Ederretako Urrezko domina (1997)
• Telebistako akademiaren saria (2002)
• Ohorezko Goya Saria (2010)