Alzheimerraren aurkako borroka luze baten ondoren, Lasarte-Oriak emandako zinemagile ospetsuenetarikoa zendu da. Antontxo, bertako lagunek ezagutzen zuten bezala, 1936an jaio zen, eta zinemagintzan bizitza luze eta emankorra izan du. Batez ere 1970eko hamarkadatik aurrera ekoitzitako ikus-entzunezkoek eman diote sona. Horiekin hainbat sari eskuratu ditu, Emmy entzutetsua, besteak beste. 2006. urtetik ez du agerpen publikorik egin, gaixo zegoen eta. Urte horretan, Lasarte-Oriako ondare kulturala mantendu nahian, Baserri galduak dokumentala grabatu eta estreinatu zuen.
Kulturaren munduak doluminak agertu ditu. Baita Lasarte-Oriako Udalak ere. Haren izena eman diote udaletxe ondoko plaza eta erakusketa aretoari. Bertan, udalak jakitera eman duenez, Antonio Merceroren lanen museo birtuala izango da ikusgai.
TXINTXARRI-k 1994. urtean zinemagileari elkarrizketa egin zion. Haurtzaroa aberritzat duen pertsona orekatua izenburupean, bere bizitza pertsonaleko hainbat kontu azaldu zituen.
Bertan bere burua biluztu zuen herriko zinemagileak. "Antontxo benetakoa, barruko Antxon litzateke. Antonio Mercero, berriz, pertsona publikoa da," esan zuen.
Gaztetan bere parodiekin jendea barrez lehertzen omen zen. Hori dela eta, zinemagilea izatea erabaki zuen. "Aktoretzan ari nintekeen, baina istorioak kontatzea interesgarriagoa iruditu zitzaidan".
Lasarte-Oriari lotua zegoen. Izan ere, haurtzaroko oroitzapenek garrantzia handia zuten beretzat. "Hemen dago nigan gehien baloratzen dudanaren zati garrantzitsu bat. Horregatik hona itzultzea beti gustatzen zait".
Oroitzapen horiek bere lanerako baliagarri izan ziren. "Nik haurtzaroa gizaki ororen aberri modura ulertzen dut", nabarmendu zuen.
Honez gain, bere amets, ilusio eta helburuak beteak zituela adierazi zuen. "Zoriontsua naiz kamera baten atzean. Horregatik sentitzen dut nire ilusioa bete dela. Seguruago sentitzen naiz nire lanean bizitza errealaren aurrean baino".
Ibilbidea eta sariak
Zinema eta dokumentalak |
Telebista • Crónicas de un pueblo (1971-1973) |
Film eta telesaien sariak • Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra (1962, Lección de Arte) |
Bestelako sariak • Urrezko danborra (1996) |