Haur eta gazteentzat, aisia euskaraz

Nerea Eizagirre 2017ko urr. 21a, 11:00
Ikastetxetik kanpo, Lasarte-Oriako haur eta gazteek euskaraz ederki gozatzeko aukera dute Ttakun kultur elkartearen eskutik. Amaraun Klubetik Kuadrillategira, Gazte Klubetik pasata. Milaka abentura biziko dituzte ikasturtean zehar

2017-2018 ikasturtea hasi da Amaraun Kluba, Gazte Kluba eta Kuadrillategi egitasmoetan ere. HHtik hasi eta DBHra,  euskara eta aisia nahasten dituzten programa ezberdinek ikasturteko lehen saioak dituzte  hilabete honetan.

Kuadrillategi

Zaharrenak martxan dira dagoeneko. Kuadrillategi egitasmoko gazteak urriaren 6an, Landaberri Garaikoetxea ikastetxean bildu ziren  ikasturteari hasiera emateko.Udaleko Euskara zinegotzi Jon Antxordoki ere egon zen presente.

Aurkezpen saio honetan, gazteek taldeka Buruntzaldeako I. Euskararen Ginkanan lehiatuko dutela jakin zuten. 

Urritik azarora, astero hizkuntza aniztasuna eta ekologiarekin zer ikusia duten probak gainditu beharko dituzte abenduaren 1eko final handira sailkatu ahal izateko. Talde irabazleak 1.000 euroko saria lortuko du.

Era berean, ikasturte hasierako argazkia atera zuten.

Gazte Kluba

Bestalde, 9 eta 12 urteko gaztetxoek Gazte Kluban dute primeran pasatzeko aukera. 

Malabarak, magia, sukaldaritza… hamaika  tailer, ikastaro eta ekintza egingo dituzte ostiralero.

Saioak ostiraletan izango dira, Osasun Zentro gaineko 2. Solairuan dagoen hitzaldi aretoan. Lehen saioa gaur arratsaldeko 17:30etik 19:30era izango da.

Honetaz gain, hilabetean behin, larunbat  batean, irteerak, pista jolasak edo beste ekintza dibertigarriak antolatuko dira,gazteen gozamenerako.

Ipuin kontalariak

HH2tik LH2 mailako txikiek, berriz, Amaraun Klubeko ekintzak dituzte.

Ikasturteari hasiera emango dieten lehenak HH3 eta HH4 mailako haurrak izango dira. 

Urriaren 26an, osteguna, Haizea, lurra eta itsasoa ipuin sortaren lehen saioa izango da, Villa Mirentxuko hitzaldi aretoan.

Ipuinaren ostean, gaia lantzeko asmakizunak, eskulanak, abestiak eta poesiak ikasiko dituzte haurrek.

Izena ematea

Ttakun Kultur elkarteak bi programa hauetan parte hartzera animatzen ditu herritarrak.

Ipuin  kontalari saioan  izena emateko aisia@ttakun.eus helbidera mezu bat bidali, 943 371 448 telefono zenbakira deitu edo Ttakun KEko bulegora hurbildu behar da, astelehen goizean eta ostirala arratsaldean izan ezik, itxita dago eta. Plaza mugatuak dira. 

Gazte Klubeko inskripzioa, berriz, egitasmoko saioetan edo Ttakuneko bulegoan egingo da.