Haur eta gazteek, ikasturte berria aurrean

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 15a, 12:00

2017-2018 ikasturtea hasi da Lasarte-Orian. Bi aste hauetan ikasgelak betetzen joan dira. Berrikuntza gutxi dakar ikasturte honek. Sasoeta-Zumaburu ikastetxea Zumaburuko eraikineko lanak noiz hasi zain dago

Lasarte-Oriako ikastetxeetako gela eta korridoreetan hiru hilabeteko oporraldia amaitu da. 2017-2018 ikasturtea hasi da eta haur eta gazteen ahots eta algarak entzuten dira ikastetxeetan nonahi. 

Lehenak, Andre Joakina haur-eskolako txikiak izan ziren. Irailaren 6an hasi zuten ikasturtea. Txikienek egokitzapen asteak dituzte aurretik. Zaharrenak aurreko ikasturteko laguntxoekin jolas eta solas dabiltza.

Oriarte BHIko gaztetxo eta irakasleak izan dira hurrenak martxan jartzen. 

Irailaren 7an aurkezpen saioak izan zituzten DBH eta Batxilergoko ikasleek eta lan eta lan daude dagoeneko.

Landaberri ikastolako haur eta gaztetxoak, berriz, astelehenean elkartu ziren berriro ere gelatan edo txikienen kasuan, haien irakasle, ikaslagunak eta gela ezagutu zituzten, guztia gurasoen begiradapean.

Zumaburu eraikina
Sasoeta-Zumaburu ikastetxean, 3 urtetik gorako ikasleak irailaren 8an bueltatu ziren ikastetxera. Txikienek, berriz, astelehenean izan zuten lehen eguna, gurasoen laguntzaz.

Ikasturte honetan ere Zumaburuko egoitzako ateak itxiak daude. Cristina Berloso zuzendariak azaldutakoaren arabera, “ekainean bagenekien ikasturte honetan ez zela arazoa konponduta egongo. Orain, zain gaude lanak noiz hasi. Azaroa hasieran dago aurreikusia hastea eta 5 hilabeteko lanak dira. Pentsatzen dugu udaberrirako amaitua egongo dela, ezer gehiago ateratzen ez bada”.

Ondorioz, beste ikasturte batez, 2 eta 3 urteko haurrak Sasoeta-Zumaburu eraikinean izango dituzte ikasgelak eta 4 eta 5 urtekoek, aldiz, euskaltegi zaharrean. Ez dute psikomotrizitate gelarik izango eta txikien jangela, Biyak Bat elkarteko ehoitzan egongo da.

Gogoratu Sasoeta-Zumaburu ikastolako Zumaburuko eraikinean zaharberritze lanak egin zituztela 2016ko udan. Lanean zirela eraikinaren estrukturan patologiaren bat zegoela ikusi eta eraikinaren ateak itxi ziren. Behin behinean ikasleak lekuz aldatu zituzten. Txostena egin eta obra handia izaki, Eusko Jaurlaritzaren esku geratu zen prozesua. Burunzpe guraso elkarteak ikasturte amaieran ikasleen egoera salatu eta irtenbide duina eskatzeko hainbat mobilizazio antolatu zituen. Arartekora ere jo zuen elkarteak.