Hartu trena ekimena aurrera

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uzt. 11a, 13:00
Lasarte-Oriako Sarek Hernaniko taldearekin batera, ekimena antolatu du larunbatean Santa Barbarako tontorrean. Bertan gaixotasun larria espetxean bizi duten presoek osasunerako duten eskubidea aldarrikatuko dute.

Osasungintzan diharduten langileen atxikimendua jasotzen ari da Sare. “Presoen eskubideak babesteko trenak, bere martxan, aurrera darraien seinale da. Aurrez Errenterian edo Ondarroan bezala, gaixo larri dauden presoen herrietatik pasatako trenak Lasarte-Oria eta Hernani lotuko ditu oraingoan”. 

Taldetik adierazi duten moduan “berezia du bagoi bakoitzean daraman zama, biltzen ari den babesa. Eta bereziagoa helmuga: dagozkien eskubideak lortzea”. 

Larunbatean Santa Barbara tontorrera igo eta bertan herriko osasungintzako langileek sinatu duten manifestua zabalduko du taldeak lau haizetara.

Gaixotasun larria espetxean bizi duten presoek osasunerako duten eskubidea du oinarri manifestuak. Egun Ibon Fernandez Iradi herritarra eta Garikoitz Arruarte Hernaniarrak kasu gehiagoren artean daude. Esklerosi anizkoitza du lasarteoriatarrak eta espondilitis ankilopoietikoa hernaniarrak, gaixotasun kroniko sendaezinak biak.

“Espetxean egun  ezinezkoa dute gaixotasunari aurre egitea”. 

Lasarte-Oria eta Hernaniko Sarek prestatu duten ekimen bateratu honetan txalapartariak, dantzariak izango dira besteak beste. Amaieran hamaiketakoa egingo da, bakoitzak etxetik eramandakoarekin.

Goizeko 10:30ean Zabaletako plazatik ateratzea da asmoa eta 12:00etan gailurra hartuko du ekimenak. Herritarrak parte hartzera deitu ditu Sarek “Osasunaren arloko langileak eta herritarrak Osasun eskubidea bermatu dadin”.