Hari doinuek girotuko dute gaur Brigitarren kapera

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 19a, 11:38

Danok Kide Guraso Elkarteak Udalarekin elkarlanean antolatutako V. musika astearen baitan, Kamerata Oiasso soka orkestraren emanaldian izango da gaur Brigitarren Komentuan. Honekin batera, emanaldi gehiago izango dira datozen asteetan

Bosgarren urtez jarraian, musika astea antolatu du Danok Kide Guraso Elkarteak, Udalarekin elkarlanean.

 

Gaur arratsaldean emango zaio hasiera aipatu ekimenari Brigitarren Komentuan egingo den emanaldiarekin. Kamerata Oiasso Iruneko soka orkestra arduratuko da musika asteari hasiera emateaz. 

Iluntzeko 19:00etan kontzertua eskainiko dute taldea osatzen duten biolin, biola, biolontxelo eta kontrabaxu jotzaileek.

Egitarauari dagokionean, bost musikagile ezagunen doinuak entzun ahal izango ditu kaperara gerturatzen denak. Horien artean,  A. Corelliren 'Concerto Grosso nº8', A. Vivaldiren 'Concerto per archi e basso continuo RV 156',  G.Pucciniren 'Crisantemi', O.Respighiren 'Aires y danzas antiguas Suite III' eta N.Rotaren 'Concerto per archi' entzun ahal izango dira.

Honekin batera, bihar, Lirica Itsaso musika emanaldia ere antolatu dute Manuel Lekuona  kultur etxean, 19:30ean.

Musika asteari jarraipena emateko, datorren ostiralean 'La del manojo de rosas' zarzuelaz gozatzeko aukera izango da 12 euroren truke, eta larunbatean, berriz,  Irungo Kontserbatorioko musikarien emanaldia izango da, Manuel Lekuonan, 19:30ean.