Hamaiketakoa eta jaia 2018. urteari agur esateko

Txintxarri Aldizkaria 2018ko abe. 26a, 11:00
Ostadar Mendi sailak eta Ttakun Kultur Elkarteak jai txiki bat antolatu dute Buruntzan hilaren 31n

Inguruko herrietan ohitura dago urte zaharra agurtu eta berriari ongietorria egiteko. Lasarte-Orian 2012. urtetik hona, abenduaren 31n, herritar ugari hurbiltzen da Buruntza mendira hamaiketakoa egitera. 

Ostadar Mendi sailak eta Ttakun Kultur Elkarteak elkarlanean jaitxoa antolatzen dute San Rokeko baselizaren ondoan. Bertan ez dira jatekoa eta musika falta. Helduek txorizo errea, gazta, salda, ardoa eta sagardoa dastatzen dituzte; etxeko txikiek, berriz, txokolate tabletak.Trikitixa doinuek goiza girotzen dute. 

Jaitxoa 10:00etan hasiko da, eta jatekoa amaitu arte egongo dira bertan. Eguraldi txarra eginez gero, baselizaren ondoko aterpean izango dira.