Hamaika egunez dantza eta antzerkia taulagainera

maddi-noriega 2018ko eka. 2a, 11:30
Kukuka Antzerki eta Dantza eskolak bihar emango dio hasiera urteroko hamabostaldiari. Zabaleta auzoko jaiekin bat egin, eta bertako plazatik irtenda Okendora iritsi bitartean desfilea egingo dute kaleetan barrena. Ekainaren 15ean amaituko da aurtengo hamaseigarren edizioa

Hamaseigarren urtea beteko du aurten Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolaren hamabostaldiak. Urtero lez, Lasarte-Oriako gaztetxo eta helduek ikasturtean landutakoak erakutsiko dituzte Manuel Lekuona kultur etxean. Zabaleta auzoan emango diote hasiera egitasmoari: desfilea bertako plazan hasi eta Okendon amaituko dute. Bidean, Buenos Aires aldapatik behera, anbulategi parera iritsi eta Kale Nagusia zeharkatuko dute.

Astelehenean Landaberri eta Sasoeta ikastetxeko LH1, LH2 eta LH3ko ikasleek sei obra erakutsiko dituzte taulagainean. 

Asteazkenean, berriz, Sasoetako LH5-6. mailakoen txanda izango da, eta horiek Aupa Etxebeste eta Mafia antzezlanak eskainiko dituzte.

Ostegunean, dantza eta antzerkia uztartuko dituzte, eta herriko kaleetan barrena erakustaldia egingo dute. Ostiralean HH5 eta LH 1-2-3 mailako gaztetxoek euskal dantzen erakustaldiarekin emango diote hasiera asteburuari. 

Halere, ekainaren 15era bitarte izango dira beste hainbat ekitaldi. 

Egitaraua

Ekainaren 2a, larunbata
12:00etan Desfilea. Zabaleta auzoko plazatik Okendora.

Ekainaren 4a, astelehena
09:30ean eta 19:00etan Sei anaiak, Arratsalde bat zineman, Terrazarrak eta Dendatarrak antzerki obrak.
11:30ean eta 19:00etan Zirkuz marabillux! eta Zinema sesion!

Ekainaren 6a, asteazkena
10:00etan eta 19:00etan Aupa Etxebeste eta Mafia.

Ekainaren 7a, osteguna
Arratsaldean Antzerkia eta dantza herriko kaleetan.

Ekainaren 8a, ostirala
19:00etan Euskal Dantza.