"Zubietako erraustegiaren egitasmoa geratu egin behar da". Hori izan zen atzo arratsaldeko manifestazio jendetsuko aldarrikapen entzunenetako bat. Hainbat herritako biztanle ugari elkartu ziren Donostian, hondakinak kudeatzeko sistema hori arbuiatzeko, eta "osasunaren alde" egiteko. Lasarteoriatar askok egin zuten bat Aire Garbia plataformak Manuel Lekuona kultur etxean egindako parte-hartze deialdiarekin. Horrez gain, Landaberri ikastolako irakasle talde batek parte hartu du manifestazioan; hitzaldi bat eskaini dute bukaeran. Besteak beste, elkartasuna adierazi zieten Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkini. 2011-2015 legegintzaldian Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko lehendakari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatu izan ziren, hurrenez hurren. 2013ko azaroan erraustegiaren egitasmoa geratzea erabaki zuten, eta epaitu egingo dituzte orain. Asteon jakin da epaiketaren data: apirilaren 12an izango da, ostegunarekin.
Ikasle eta langileen osasunarekin arduratuta
Arestian esan bezala, Landaberri ikastolako irakasle talde batek hitz egin zuen atzo Donostian. Jakinarazi zuten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Ordezkaritzari hiru gutun bidali dizkiotela, eta hirugarrenean erantzun duela Gemma Gonzalez de Txabarrik: "Esan digu ordezkaritzaren ekimen eremua gainditu egiten duela erraustegiaren aferak. Ez dugu erantzun hori onartzen", adierazi zuten. "Hezkuntza buru zaren heinean, ez duzu uste langileon eta ikasleon osasuna zaindu beharko zenukeela, pankartak kentzeko aginduak ematen egon ostean?", galdetu zioten Gonzalez de Txabarriri.
Ikastetxean hondakinen gaia ari dira lantzen Landaberriko kideak, Agenda 21 programaren baitan: "Erraustegiarena bezalako egitasmo bat defendatzea gu irakasten ari garenaren guztiz kontrakoa da; zaborra murriztearen eta birziklatzearen kultura irakasten saiatzen ari gara".