Guztion Lasarte-Oria sariak banatu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 22a, 18:48
Bernat Solsona bartzelonarraren 'Wild' muralak irabazi du 2017ko Guztion Lasarte-Oria saria. Aurtengo edizioan 39 zirriborro baino gehiago aurkeztu dituzte leku ezberdinetatik etorritako artistek

Lasarte-Oriako puntu-beltzak "duintzea" da Guztion Lasarte-Oria lehiaketaren asmoa. Hori dela eta, herriko zenbait gunetan muralak margotu dituzte leku horiek "atseginagoak eta erakargarriagoak bihurtuz". Bide batez, herriaren "irudia hobetuz eta jarduera ekonomikoa indartuz".

Pasa den ostiralean banatu ziren 2017ko sariak, eta alkate Jesus Zaballosek nabarmendu zuen aurten ere "pozik" daudela jasotako ekarpenekin.

Bernat Solsona bartzelonarrak eskuratu du lehen saria, Goenkale kalean kokatutako 'Wild' muralarengatik, 1.500 saria lortuz. Enara Conde izan da bigarrena 'Aniztasuna' obra margotzeatik. 1.250 euro poltsikoratu ditu. Karmele Gorroñok eta Irene Iruretak batera egindako bi lanek hirugarren eta laugarren postua lortu dute. Azkenik, bosgarren geratu da Olaia Martinezen 'Guztion artean egin dezakegu'.

Irabazleak ezin izan zuen sari banaketan egon. Antolatzaileek jakitera eman zutenaren arabera, "etortzeko gogoz zen, baina ezin izan zen bertaratu".

24 artistek, guztira, 39 zirriborro aurkeztu dituzte Goikalen, Buruntza kalean, Jaizkibel plazan, Donostia etorbidean eta Andatza plazan muralak margotu ahal izateko. 13 emakumek eta 11 gizonek hartu dute parte -Lasarte-Oriako hiruk, Gipuzkoako beste herrietatik 12k, Bizkaiatik seik, Arabatik bik eta Bartzelonatik batek-.

Berdintasuna aldarrikatuz

2017ko Guztion Lasarte-Oria sarian aurkeztu beharreko mural proposamenek baldintza bat bete behar zuten: gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatzea.

Gauzak horrela, hori izan da epaimahaiak aztertu eta epaitu duen gako nagusi bat, beste irizpide artistiko batzuekin batera, noski.

Puntuak emateko ardura bost  pertsonek eduki dute aurten: programaren kudeatzaile Nagore Goñik, Aire Libreko museoaren kudeatzaile Amaia Rodak, Aterpea elkarteko Noelia Calerok, Ricardo Ugarte eskultoreak eta unibertsitateko irakasle eta arte kritikari Fernando Golvanok.

Denen artean ondorioztatu dute Bernat Solsonaren lana izan dela aproposena, baina guztiek egindako lana eskertu dute Udal ordezkariek.

Izan ere, helburu nagusia herriko puntu beltzak biziberritzea izanik, pertsona anitzen ekarpenak jasotzearen garrantzia nabarmendu nahi zuten. Hurrengo urtera begira ere, lanean jarraitzeko asmoa agertu dute.