Gure Esku Dagok jaialdia egingo du bihar

Txintxarri Aldizkaria 2015ko api. 24a, 11:04
Argazki anitza atera zuten aurreko asteburuan herriko hainbat eragilek egitasmoa babesteko. Horretaz gain, “ehuntzen ari den sarearen aniztasuna” erakutsi nahi izan zuten antolatzaileek. Horretaz gain, bihar egingo den jaiaren aurrekaria izan zen. Ekimenak 75 tutore eta 1500 saretu lortzea du helburu. Horretarako, “erabaki-tzearen alde ehuntzen ari den sarearen parte izatera animatu nahi ditugu herritar guztiak”.

Jai eguna antolatu du herriko Gure Esku Dago ekimenak biharko. Goizeko 11:00etan TSST eta Atsobakarreko errotondetatik musika eta jai giroan abiatuko da kalejira Okendo plazarantz. Honetan besteak beste batukada, dultzaineroak, txistulariak, hanka-paloak eta joaldunak izango dira. 

Jai honetan tutore bakoitzak bere saretuekin parte hartuko du eta antolatzaileek  adierazi moduan, hauei esango zaie non kokatu beharko duten kalejira berezi honetan.

Behin Okendora iritsita, 11:45ean, oihal apainketa egingo da, talde bakoitzari plazan toki bat egokituko zaio eta bertan denbora bat izango dute bere oihala apaintzen bukatzeko, tarte horretan “erronka martxan jarriko da”, saretu taldeei beraien oihalekin argazkia atera eta markadorean kontabilizatuko dute euren partaidetza, zehazki saretu kopurua zein den finkatzeko guztien artean. 
Halaber, oihal bakoitzari plazan toki bat egokituko zaio eta guztien artean kutxa erraldoi bat marraztuko dute, hautetsontzi bat hain zuzen. Irudi erraldoi honi argazkia aterako zaio eta “lehenengo oihalak elkarren artean josten hasiko dira jostunak, herria ehuntzen hasiko da”.

12:30ean Lasarte-Oriako abestiaren aurkezpena egingo da. “Hamaika itxaropen”  da kantaren izena eta  dantza bat ere prestatu dute honen zati baterako.  “Denok elkarrekin egin beharreko “keinu-dantza” errepikatuko dugu bertaratutako guztiok” izan ere, abesti honen bideoklipa egiteko baliatuko dute biharko hitzordua. 

Festa giroa
Azkenik jai giroak hartuko du plaza. 13:15ean musika eta dantza egiteko aukera izango da. Goiz osoan zehar ere txosna egongo da jarrita Okendon eta barrikotea eta pintxoak izango dira bertan salgai antolatzaileek jakitera eman dutenez.

Aniztasuna erakutsi
Aurreko asteburuan, argazki erraldoia egin zuten Okendon herriko eragileen parte har-tzearekin. Horretaz gain, photocall-a ere egin zuten antolatzaileek esan bezala, egitasmoaren aniztasuna erakutsi eta herritarrak honetan parte hartzera animatzeko asmoz. 

Argazkian izan ziren besteak beste, Telleria harri jasotzaileak, Gorka Brit futbolaria, Makuluken taldeko kideak, Javier De Miguel botikaria, Joseba Tapia musikaria, Gotzon Huegun eta Miguel Angel Oribe artistak, Jexux Izeta eta Juan Mari Iradi zinegotzi ohiak, Maider Segurola eta Aitor Azkonobieta kazetariak, Pablo Barrio alkatea, Bea Egizabal ipuin kontalaria eta Cesar Marcos marrazkilaria, Joseba Zuaznabar edota Tomas Arrizabalaga Ttakuneko lehendakaria.