Black Harmony Gospel Singers taldeak 24 urte daramatza musika estilo hori hara eta hona zabaltzen. Jeremy Viraye zuzendariak sortu zuen, 1994an; makina bat emanaldi eskaini dituzte ordutik, mundu mailako talderik ospetsuenetako bat bihurtzeraino. Lasarte-Oriara etorri ziren atzo arratsaldean, Gabonei gospel ukitu bat ematera. Gogotik gozatu zuten ikus-entzuleek. Txalo bakarrik ez, kantatu eta dantzatu ere egin zuten.
Black Harmony taldearen emanaldien ezaugarrietako bat da hori: beti saiatzen dira ikus-entzuleak emanaldiaren parte sentiarazi eta euren parte-hartzea sustatzen. Lehenengo abestia bukatu bezain laster, kideetako batek mikrofonoa hartu zuen, eta ikus-entzuleei esan zien txalo egin zezaketela, abestu eta dantzatu. Ordubete pasatxo iraun zuen 2018ko azken kultur emanaldiak.