Gorpuzkia Txaldatxurren

Txintxarri Aldizkaria 2016ko eka. 4a, 15:14
Islada Ezkutatuak taldekoen aurkikuntza eman dute gaur argitara. Paco Etxeberria Aranzadiko forenseak eman ditu zehaztasunak Jaurlaritza, Aldundia eta udal ezberdinetako ordezkarien aurrean. Txaldatxurren aurkitutako lehenengo gorpuzkia da eta adituek ez dute baztertzen gehiago egotea. Hezur batzuk dira aurkitutakoak munizioa, orrazia eta botoien artean besteak beste.

Islada Ezkutatuak taldeko lagunek jasotako testigantzen arabera, Txaldatxur inguruan hobiak egon zitezkeen. Horiek aurkitzea jarri zuen herritar taldeak helburu eta baita topatu ere, gaur Aranzadiko kideekin aurkeztu dute aurkikuntza berria. 

Hala ere, urte asko pasa dira eta Txaldatxurgo gaina asko aldatu da. Aztarnak topatzea oso lan zaila izaten ari zela aurreratzen zuten taldeko kideek duela hilabete batzuk. Aztarna horiek gabe, ezinezkoa zen leku zehatza topatzea. Azkenean ordea, lan gogorrak bere fruituak eman ditu eta argitara atera da lehenengo gorpuzkia

Paco Etxeberria forentseak azaldu duenez, hezur gutxi batzuk dira topatutakoak oso sakonera txikian lurperatu zutelako, “urteen poderioz hain gainazalean egonda, urak desegin eta eraman ditu arrastoak”. 

Hala ere, hezurrekin batera, orrazi bat, munizioa, botoiak eta gerrikoaren plakak azaldu dira besteak beste. 

Txaldatxurren erakunde guztietako ordezkariak bildu dira, Eusko Jaurlaritzatik Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Maribel Vaquero Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaria eta Donostia, Usurbil, Zubieta eta Lasarte-Oriako udal ordezkariak. Guztiek bat egin dute herriko taldeak egiten duen lanaren garrantzia azpimarratzen eta eskertzen. Horretaz gain, justizia egitea dela aipatu dute. 

Isladako kideek, eskaera zuzena egin diete erakundeei bertan lanean jarraitu ahal izateko “gure historiaren gune garrantzitsu bat da hau eta nolabaiteko babesa beharko luke inguruneak”. Bertan lubakiak daude eta oraindik oso zabala da garbitu eta ikertzeke dagoen lur esparrua.

Alfredo Irustaren laguntza

Hala ere, larunbatean Isla Ezkutatuak taldeko lagunek bereziki eskerrak eman nahi izan dizkioten Alfredo Irustari. Bizkaitarrak urteak daramatza boluntario Aranzadirekin kolaboratzaile lanetan. Interneten Lasarte-Oriako taldearen lanaren berri izan zuen eta herrira semearen kros batera etorri zela, taldearekin harremanetan jarri eta bere metal detektorearekin Txaldatxurrera igo zen. Esperientzia luzea du gorpuzkiak topatzen eta gerrikoaren plaka batek pista emanda, inguruan zegoena hezurrak zirela ikusi zuen. Horrela, Aranzadiri abisua eman eta haiek hartu zuten aztarnak ikertzeko lana. 

Aipatu behar da, 1936ko abuztuan eta irailean eraso zituzten Lasarte-Oria eta inguruak. Gehienbat, Teresategi, Santa Barbara, Andatza edota Txaldatxur mendietatik defendatu behar izan zuten herria. Horregatik, Txaldatxur gainean zenbait lubaki aurkitu zituzten Islada Ezkutatuak taldeko kideek, Nazionalen eta Errepublikanoen guneak. Aztarnen arabera, errepublikanoa litzateke aurkitutakoa. Egun zuhaitzek ondo ikusten uzten ez badute ere, kontutan izan behar da Txaldatxur gainetik inguruko herrietako 360 graduko bista zegoela 30eko hamarkadan.