Goiegi jatetxearen azken egunak 67 urte eta gero

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 26a, 13:15
Maiatzaren 28an itxiko ditu ateak Lasarte-Oriako Goiegi jatetxeak. Aitziber Martiarena eta Juan Luis Eizmendirekin izan gara urte guzti hauetako errepasoa egiteko

Hiru belaunaldi eta 67 urte ondoren, igandean izango da Goiegi jatetxean egin ahalko den azken otordua. 

1950. urtean hasi zen gaur egun arte iraun duen jatetxea, baina 1610. urtean sortutako baserrian hasi zen historia. Aitziber eta Juan Luisen amona gazte alargundu ondoren, etxeko gelak alokatzen hasi zen 6 seme-alabak aurrera atera ahal izateko; barrez komentatu izan diote Juan Luisi 'Portugal' izenez ezagutzen zen gela bitxian izandakoak zirela herritar batzuk. Amona Donostiako etxe batean eta Lasarte-Oriako golf kluban izandako lanaldian trebatu zen sukaldaritzan 13 urte zituenetik, eta hasiera batean, 50. hamar-
kadan, bakailao kazola izan zen Goiegiko izarra; gaur egun ez bezala, bezeroek beren haragia eramaten zuten jatetxera, bertako parrilan egiteko, eta amonak edaria eta bakailaoa kobratzen zien. Ostalaritza asko aldatu da urte guzti hauetan eta Goiegik ederki jakin du egokitzen; arraroa dirudien arren, eguneko menuen eskaintza berria da ostalaritzan eta Lasarte-Oriako Institutua ireki zenean hasi zen Goiegi eguneko menua kontzeptua barneratzen bertako irakasleei egunero jaten emanez.

Urte guzti hauetan izandako jardueran, Goiegi sagardotegia ere izan zen. Baserriak tolare bat zuen ondoren sua hartu zuen alderdian. Garai hartako Lasarte-Orian zeuden 11 sagardotegien artean zen Goiegi. Bertako produkzioa baserrian zituzten sagastiekin eta inguruko baserritako sagarrekin egiten zen, ondoren ekoizpenaren parte baten truke. 

1986. urtean berreraikitze lanak egin ziren, gaur egun ezagutzen dugun Goiegi bihurtuz. Juan Luisek gogoratu du, jatetxeak eta Lasarte-Oriako udalerriak adin berdina dutela, eta San Pedro jaietan ireki zutela Goiegi berria. 31 urte daramatza, beraz, gaur egungo jatetxeak lasar-teoriatarren artean. 

Aitziberrek dioen bezala, geroz eta gutxiago dira Goiegik duen eskaintzaren pareko jatetxeak herrian eta inguruan: jatetxe handiak, lehen mailako produktuak, eta kalitatezko zerbitzua. Azken egun hauetan jende ugari izan da jatetxean azken jatordurako erreserba egiteko, baina batez ere, eskerrak emateko. 

Aitziber eta Juan Luisek komentatu dutenez, itxiera berriaren aurrean herritik jasotako mezua guztiz positiboa izan da. Hasiera batean, zurrumurruak zabaldu zirenean, harriduraz gerturatzen zen jendea, ezin sinisturik. Erabakia hartu zenean eta amaiera ofiziala egin  zenean, berriz, esker ona besterik ez dute jaso. 

Amonaren hasieretatik eta gaur egungo Goiegi izan arte, beraientzat etxeko gertakari bihurtu dira urte guzti hauetan izandako bizipenak eta pena handiz agurtuko dutela diote. 67 urte hauetan bezero asko eta langile asko izan dira Goiegiren parte eta guzti hauei eskerrak eman nahi dizkiete Aitziber eta Juan Luisek Goiegiren izenean.