Ez dute amore eman. Erraustegia egiteko lanak hasi dira dagoeneko, eta askorentzat aurreikuspen ezkorrenak bete dira. Haatik, gizarte zibilak ez du etsi nahi, eta beste bide bat urratzen hasi da hondakinen kudeaketa osasuntsu eta bidezkoagoa bat lortzeko helburuz. Aste honetan Hitzartu aurkeztu dute Lasarte-Orian; 2017-2030 urteetarako hondakinen plan oso bat adosteko herritarren parte hartze prozesua da. GuraSOS elkarteak bultzatu du egitasmoa.
Ahalik eta herritar gehien erakarri nahi dituzte prozesura. Baina horretan ere lan asko dute egiteko. Ttakunenean izan zen aurkezpena, asteazken arratsaldean, eta dozena bat pertsona besterik ez ziren hurbildu. Joxe Mari Izeta Hitzartuko bultzatzaileetako bat da: "Badirudi jendeak etsi egin duela. Lanak hasten ikusi ditu, eta galdu egin dugula sentitu du". Aurkezpenera joan diren herritar batzuren irudipena ere bada: "Bakarrik gaude, gehienei bost axola zaie erraustegia".
Errealitatea bestelakoa da, ordea, Hitzartu-ko bultzatzaileen hitzetan. "Ez gaude bakarrik, jende asko dago gure atzean.Gizartearen gehiengo hori aktibatzea falta da". Hori erakusteko, bideo bat erakutsi dute. Bertan gizarteko pertsona nabarmenak agertzen dira hondakinak nola kudeatu erabakitzeko kontsentsua eskatzen. Horien artean daude kirolariak, idazleak, epaileak, kultur arloko ordezkariak... . Tartean baita lasarteoriatarrak ere, Maialen Chourraut, esaterako.
Erabaki ilunak
Parte hartze prozesua bultzatzeko finantzaketa beharrezkoa dute. Crowfunding kanpaina bat abiatu dute horretarako. ES05 3035 0140 33 1400031124 kontu korrontean edo www.itsulapikoa.eus atarian egin daitezke ekarpenak. Gutxienez 10.000 euro behar dituzte, baina gero eta diru gehiago bildu, orduan eta prozesu osoagoa egin ahal izango dute.
Nolanahi ere, arazoaren muina ez da soilik erraustegia. Joseba Belaustegi GuraSOS elkartekoak horrela azaldu du: "Gutxi batzuen artean erabakitzen dute, baina denon artean ordaintzen dugu. Abiadura Handiko Trenarengatik 15.000 euro ordaindu beharko ditu familia bakoitzak. Beharrezkoa al da? Donostiako metroarekin ere gauza berbera gertatu da".
Erraustegiaren lanak geldiarazteko saialdia zapuztuta, beste bide bati heldu dio GuraSOSek. Izan ere, Gipuzkoako Aldundiak egin gabe du hurrengo hamarkadarako hondakinen kudeaketa plana. 2016an Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak hitzeman zuen plan hori egiteko parte hartze prozesu bat bultzatuko zuela. Ia bi urte igaro ondoren, ez dute gaia berriro aipatu. "Agintariek adarra jotzen digute. Prozesu hori egin nahi dute, baina erraustegia zalantzan jarri gabe. Behin martxan dagoenean hasiko dira horretan", uste du Belaustegik.
Legez egin beharreko plana
Horregatik, aurrea hartu nahi du gizarte zibilak. Azken hondakinen plana 2002-2016 urte bitartekoa da, eta legez beste bat onartua egon beharko litzateke. "Haiek ez badute nahi, guk egingo dugu", esan du Izetak. Kontu handia jarri dute parte hartze prozesuak berme guztiak izan ditzan. Euskal Herriko Unibertsitateak diseinatu du, eta berme batzorde bat eratu dute, zientzialari, aditu eta erreferentziazko izenekin. "Aldundiak plana egiten hasterako guk gurea erakutsiko diegu, gizartearen parte hartzearekin eta behetik gora egina. Gainera, berme guztiekin", azaldu du Izetak.
Botere guneetan hartzen diren erabakiak oso "ilunak" dira, Belaustegiren esanetan. Horregatik beharrezkoak dira herritarren parte hartze prozesuak, informazioa zabaldu dadin eta erabakia kontsentsuzkoa izan dadin. "Baina agintariek ez dute hori nahi. Nahiago dute gure artean gatazka piztu". Lemoizko zentran nuklearraren garaiak ekarri ditu gogora. "Beldurra sartu nahi digute. Orduko hartan esaten ziguten azak besterik ez genituela jango". Halere, jakitun da zaila dela orain dela hamarkada batzuetako mobilizazioa piztea. "Izorratuagoak gaude orain. Hipotekak dauzkagu, gehiago gastatu behar dugu. Baina esnatu egin behar gara".
Horretara dator Hitzartu. Gizarteak gaiaren inguruan esku hartu dezan nahi dute. Jendeak hitza hartzea. Baina herritarrak gaiaren inguruan jakitea berebizikoa dute. Herriz herri egiten ari diren saio horietan banatzen dute informazioa, "aldundiaren propagandari aurre egiteko". Ekintzaileek azaldu dutenez, osasunari buruzkoa bakarrik ez, eztabaida ekonomikoa ere bada. "EAJkoek beraiek onartu digute proiektu garestia dela", esan du Belaustegik. Ondorioz, hipoteka bikoitza litzateke: osasun arlokoa batetik, eta kontu publikoena, bestetik. "Medikuak falta dira, baina horretan ez dute gastatu nahi. Erraustegia egiteko, ordea, ez dute arazorik zorpetzeko".