Giro bikaina Rocioko erromerian

IƱigo Gonzalez Sarobe 2017ko eka. 11a, 23:45
Semblante Andaluzeko kideak beste asteburu batez alaitu dute herria. Oraingo honetan Rocioko Erromeriaren 24. edizioa ospatu dute. Dantza, umore ona, musika eta jaki goxoak izan dira protagonista Atsobakarreko parkean.

Urtero bezala, 'Salve Rociera' abestuz bukatu dute Rocioko erromeria Semblante Andaluzeko kideek, inguruko herrietatik etorritako elkarteek eta Atsobakarrera gerturatu diren herritar guztiek. 24. urtez ospatu dute ekitaldi berezi hori.

Atzo eguerdiko hamabietan Atsobakarreko gunea ireki zutenetik, musika, dantza eta umore ona ez dira falta izan. Hamaika ekitaldiz osatutako egitarauarekin primeran pasa dute herritarrek eta antolatzaileek. Atzo eta gaur eszenatoki gainera igo dira Semblante Andaluz bertako hainbat talde, ume zein helduenak, eta baita inguruko herrietatik etorritakoenak ere: Andoaingo Zuena, Oreretako Concha Rociera eta Aljarafe, Amaia Gonzalez Caballero herritarraren dantza ikasleak, Irungo Embrujo eta beste hainbat.

Rocioko Ama Birjina kaleetan

Asteburuko ekitaldi jendetsuena, ordea, gaur eguerdikoa izan da. On Ramon Uribe-Etxebarria apaizak eman du hamabietako meza Arantzazuko Ama Parrokian. Parte hartu dute baita ere Semblante Rociero koruak eta Alazne Gonzalez eta Sara Prietok gidatutako Gitanillas del Alba eta Duende dantza taldeek. 

Horren ostean, kalera atera dira meza entzun dutenak, eta baita Rocioko Ama Birjina ere. Parrokiatik Kale Nagusi osoa zeharkatu dute, zenbait geldialdi eginez, gero Atsobakarrera abiatzeko. Ordubietan iritsi dira festa-gunera. Bertan zain zeuden horrezkero udal ordezkariak, ohorezko ardoarekin topa egiteko. Bapo bazkaldu dute gero: plateretan, haragi-paella goxoa.

Ekitaldiek arratsaldean jarraitu dute. Hango eta hemengo taldeak igo dira oholtzara. Tartean, garai batean Semblante Andaluzen dantza egindakoak. Hainbat urte eta gero berriro sentitu dira dantzari. Ez zetorren egitarauan, baina ondo prestatuta zegoen: Mari Carmen Vegas dantzariak omenaldi beroa jaso du oholtza gainean, hainbat urtez andaluziar dantzekin egindako lanagatik. Hunkituta zegoen Vegas. Eta, asteburua ixteko, gaueko bederatziak aldera, 'Salve Rociera' abestu dute bertaratutako guztiek. Datorren urtean, gehiago; hobeto ere bai agian, baina zaila izango da.

Asteburuko argazkiekin osatutako galeria