Irailaren 20an, igandean, Beasaingo Usurbe antzokian, arratsaldeko 17:30ean emango zaio hasiera Gipuzkoako Bertsolari txapelketari eta bertan izango dira Ane Labaka herritarra eta Beñat Iguaran Earra! Bertso eskolako kidea final laurdenetarako txartela eskuratzeko lehian.
43 bertsolari, Gipuzkoako Bertsotan sailkapen faseko 30ak eta aurretik sailkatuak zeuden 13 bertsolari, eta 15 saio. Hiru hilabetetean zehar, ederki gozatuko dute bertso zaletuek.
Herritarren erronka
Aipatu legez, Ane Labaka eta Beñat Iguaran izango dira estreineko saioan. Jon Maia, Haritz Mujika, Iñigo Mantzizidor eta Eli Pagola izango dituzte aurrez aurre.
Anek aipatu digunez, ez zuen lehen saioan egon nahi, baina “izenak ikusita gogotsu nago. Saio polita izango dela uste dut”.
“Jendea zain egongo da, lehen saioa delako. Gainera, Maia eta Mantzizidor daude eta nirekin batera bertsotan hasi ziren Beñat Iguaran eta Aritz Mujika. Saio berezia izango da beraz”, adierazi du.
Unai Muñoa berriz, urriaren 3an, Elgoibarko Herri an-tzokian izango da eta final-zortzirenen azken saioan, Andoainen, izango da Asier Azpiroz Earra! Bertso eskolako kidea.
Saioa Lasarte-Orian
Saio hauetaz gain, beste hiru final-zortziren izango dira Azpeitia, Arrasate eta Lasarte-Orian.
Maider Arregi, Mikel Artola, Aitor Irastortza, Xabier Sukia, Beñat Lizaso eta Gorka Azkarateren arteko norgehiagoka ikusteko aukera izango dute herritarrek irailaren 27an, igandean, Manuel Lekuona kultur etxean.
Sailkapena
Hurrengo fasean egoteko, herriko bertsolari eta bertso eskolako kideek bi aukera dituzte: beraien saioa irabazi edo puntuazio altua eskuratzea.
Hogeita hiru bertsolari izango dira aurretik sailkatuak zeuden hamahiruekin batera hala nola, Beñat Gaztelumendi Jon Martin, Alaia Martin edo Jexux Mari Irazu, final laurdenetan kantuan.
Final laurdenak Urretxu-Zumarraga, Errenteria, Zestoa, Ormaiztegi eta Eskoriatzan jokatuko dira.
Sarrerak
Saioetako sarrerak eskuratu nahi dituenak aurrez erosi ahal izango ditu www.bertsosarrerak.eus webgunean.
Saioen egun berean ere jarriko dira salgai, aretoetako leihatiletan 16:00etik aurrera.
Saioetarako sarrerez aparte, bertsozaleek Txapelketarako bonua erosteko aukera dute. Bonuak saio guztietara joateko aukera emango du, finalera salbu.
Saio guztiak 17:30ean jokatuko dira, finala izan ezik.