Gipuzkoako gin-tonic onena, Lasarte-Oriatik

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 19a, 13:30
64. Koktel lehiaketa egin zen astelehenean, Donostian. Beste 11 parte hartzaileren artean, Lasarte-Oriako Patricio Pub tabernako Yon Pavon ere lehiakide izan zen, baina ez hori bakarrik; bere gin-tonica izan zen Gipuzkoako garaile

Lasarte-Oriako Patricio Pub tabernako Yon Pavon izan da astelehenean, Donostian ospatutako Gipuzkoako gin-tonic lehiaketako irabazlea.

64. gin-tonic lehiaketa izan zen astelehenekoa, eta bigarren aldia zen Pavonek bertan parte hartzen zuela. Iragan urtean aurkeztu zen lehen aldiz aipatu lehiaketara, eta orduan, hirugarren postua eskuratu zuen.  Aurtengoan, berriz, garaile izan da Pavon.

Mediterraneoan oinarritua  
Bost minutuan, mediterraneoan oinarritutako 2 gin tonic egitea zen lehiaketaren oinarria. Horretarako, Gin Mare markako  ginebra botila jarri zieten parte hartzaile guztiei, baina hortik aurrera, nahi zituzten osagaiak erabili ahal izan zituzten, modu librean.

Irabazlearen kasuan, honela osatu zuen Pavonek gin-tonic garailea; izotzak, 5 zentilitro Gin Mare ginebra, Blue Curaçao kolore urdineko likore 4 kolpe,   zentilitro eta erdi tomate ura, tonika, aurrez deshidratatutako  laranja bat apaintzeko, eta amaitzeko, Sitgeseko (mediterraneoko) itsasoko urarekin perfumatu zuen edaria.

"Koketeletan garrantzitsuena  usaina da, zaporea gero eta kolorea azkenik". Zentzu horri jarraiki, itsasoko ura erabili zuen Pavonek mediterraneoko usaina iradokitzeko eta Blue Curaçao kolore urdineko likorea, aldiz, itsasoaren kolorea har zezan edariak.

Hiru irabazleak
Puntuaketei dagokionez, alde nabaria izan zen txapeldunaren eta bigarren eta hirugarren sailkatuen artean. Yon Pavon txapeldunak, 264 puntu lortu zituen, Kevin Blazquez txapeldunordeak 237 puntu eta hirugarren sailkatuak, berriz, 236 puntu.

Garaipenak, Espainiako Txapelketan parte hartzeko pasea eman dio, sari ekonomiko eta oroigarriarekin batera.