Gimnastika erakustaldia Kiroldegian

Iñigo Gonzalez Sarobe 2015ko urt. 25a, 14:00
Lehiaketetan parte-hartzeko prest daudela erakutsi dute LOKEko gimnastek gaur Kiroldegian. Erakustaldia eskaini dute hainbat guraso eta lagunen aurrean; txalo zaparrada ozen eta luzeekin eskertu dute horiek gimnastek eskainitako ikuskizuna.

Alebin mailatik hasi eta seniorretara arte, Lasarte-Oriako kiroldegian saioa eskaini dute gaur goizean LOKEko gimnastek. Hainbat guraso eta lagun joan dira lehiaketa ofizialetan parte-hartzeari ekin baino lehenago egin duten erakustaldia ikustera, 11:00etatik aurrera. Argazki-kamerak eta sakeleko telefonoak eskuetan, ikusleek hainbat irudi polit hartu dituzte, LOKEko gimnastek erakutsi duten eszenografia koloretsu eta ikusgarria baliatuz.

Lehenengo lehiaketa, Eibarren

Saio horren ostean, larunbatean Eibarren ekingo diete lehiaketa ofizialei. Astebukaera honetan hasi, eta maiatzeko azken astean edo ekaineko lehenengoan amaituko dute denboraldia, Euskal Liga bukatzearekin batera.

Maite Rueda LOKEko entrenatzailea pozik da alebin, infantil, kadete, junior eta seniorretan lehiatzeko neskak badituelako; “Hori garrantzitsua da guretzat, neskek gurekin kirola egiten iraun dezaten nahi dugu, eta parte-hartze aldetik datuak oso onak dira”. Urteko helburuei galdetuta “Gipuzkoako finaletara” iritsi nahi luke Ruedak: “Kategoria batzuetan 17 edo 18 talde izaten dira eta ez da erraza zortzi onenen artean sailkatzea, gogor lan egingo dugu helburu hori lortzeko”. Izen propioa berriz, Aizpea Arroyorena: “Txapelketetan dominak lortzeko aukera gehien dituen kirolaria da Arroyo. Denboraldi asko daramatza gurekin, urtetik urtera gora egiten ari da eta ikusi egin beharko da senior mailan nola moldatzen den”, adierazi du.

Datorren astetik aurrera, ia astebururo izango dute lehiaketaren bat LOKEko neskek. Gipuzkoako kiroldegietako tapizetan ikusiko ditugu soka, uztaia, pilota, mazoa eta zintarekin lanean.