Gidari eta bidaiarien segurtasuna hobetzeko neurriak eskatu dituzte TSSTko langileek

Txintxarri Aldizkaria 2017ko uzt. 10a, 14:49
TSST enpresako langileek, LAB sindikatuarekin batera, agerraldia egin dute segurtasun neurri ezak salatzeko.

Ostiralean Irurako autobus geltokian gertatutako istripuak alarma piztu du gidari eta bidaiarien artean. Geldialdi batzuen "arriskuaz" jabe zirela azaldu dute TSSTko langileek astelehen goizean egindako agerraldian. "Urteak dira aldundiari eta beste arduradun batzuei arriskuez ohartarazi eta neurriak har zitzatela galdegin" zutela, LAB sindikatuko kideek adierazi dutenaren arabera. Salatu dute "ez dela ezer egin arazoa konpontzeko" eta, beraz, Irurako istripua "ez dela kasualitatea" izan.

Jakitera eman dutenez, langileen lehentasuna da "gidarien eta bidaiarien ongizatea lehenestea". Hori dela eta, bi neurri hartuko dituzte. Batetik, "behar bezalako segurtasun neurriak hartu arte", ez dute "bidaiarientzako arriskua eragin lezakeen edozein geltokietan" geldialdirik egingo. Bestetik, ez dute onartuko "ibilbidean egin daitezkeen bestelako aldaerarik, arazoari benetako konponbidea ekiditen badute", eta azaldu dute "jarrera eta erabakiekin aurrera" egingo dutela, "egin beharreko moldaketak eta lanak" burutu arte.

LABeko kideen arabera, Istripua pasa eta ondoren hartutako neurrietan TSST enpresako "langileak ez dituztela aintzat hartu". Hori dela eta, salatu dute "gezurra dela hainbat hedabidetan agintari eta arduradun batzuek esandakoa". Autobus konpainiako langileek diotenez, "ez da elkarrizketarik egon, eskaerak eta ohartarazpenak" baizik, eta "horiei entzungor egin diete".