Gerra Zibileko aztarna gehiago aurkitu dituzte Txaldatxurren

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urt. 10a, 20:29
Islada Ezkutuak taldeko kideek atzo arratsaldean deitutako prentsaurrekoan azaldu zuten moduan, gerra garaiko aztarna gehiago aurkitu dituzte Txaldatxurreko mendixkan

Horrela azaldu zuen Joxe Agustin Muguruzak, Islada Ezkutuak taldeko kideak atzo arratsaldean, Manuel Lekuona Kultur Etxean, egindako agerraldian. Asier Mendizabal taldeko kidea Txaldatxurren ikerketa bat egiten ari zela, 36ko Gerrako hainbat arrasto topatu zituen; garai haietan gogor kolpatu baitzuen Gerra Zibilak Zubieta gainkaldeko mendixka hori.

Horrela, Islada Ezkutuak taldeari aurkikuntza horien berri eman, eta abenduaren 24a, igandea, taldeko kideak hitzordua jarri, eta Txaldatxurrera joan ziren bertan egon zitezkeen aztarnen miaketa egiteko asmoz. Bertaratu eta kantinplora bat izan zuten lehen pista. Ingurua aztertzen hasi, eta inolako zalantzarik gabe, bertan gorpuzkiak egon zitezkeela susmatuta, Lasarte-Oriako Udalarekin eta Foru Alduandiarekin harremanetan jarri zen taldea, haien protokoloa martxan jarri asmoz.

Txaldatxurren agertutako azken aztarnak

Kantinplora bat izan zen Asier Mendizabalek aurkitutako lehen arrastoa, eta horrek piztu zituen susmo guztiak. Horrekin batera, Astra 300 arma, horren larruzko estalkia, su-pizgailu bat, Astra 900 armaren osagarri izan zitezkeen jaurtigaiak, eta txilibitu bat ere azaldu ziren bertan.

Aranzadi Elkartearekin elkarlana

Arrasto guzti horien azpian, gorpuzkiak egon daitezkeela uste dute Islada Ezkutuak taldeko kideek, eta horiek ikertzea izango da emango duten hurrengo pausua. Horretarako Aranzadiren laguntzarekin batera, hamabost egun barru, gorpuzki horiek ikertzeko asmoa azaldu zuten atzo arratsaldeko agerraldian.